Badator, badator!!... Oñatiko gida meteorologikoa eta astronomikoa


 

Azaroaren 27an, egubakoitzarekin, arratsaldeko 19:00etan aurkeztuko dugu Roberto Altunak eta biok Oñatiko Kultura Etxean, aurton taxutzen jardun dugun gida hau. Oñatiko berbez osatutako gida meteorologikoa eta astronomikoa, baina hango berben berri eman arren, edukia, gai honetaz ikasteko irrika duen ororentzat da, testuak orokorrak eta dibulgatiboak dira-eta. Liburuaren hitzaurrea hauxe duzue: 

Ortzia, gure arbasoen liburu irekia

Gaur egun, gure sakelako telefonoetan begiratu bakar batean jakin ohi dugu bihar euria egingo duen ala ez. Datu meteorologikoak, sateliteak eta algoritmoak ditugu gure esanetara. Baina ez da hain aspaldikoa oraindik ere gure ingurunea ulertzeko modu bakarra ez zena. Oraindik bizirik dugu gure memorian baserritar zaharren behaketa zorrotza, hodeien koloreari, haizearen norabideari edota txori eta animalien portaerari erreparatzen ziena. Jakintza hura ez zen zientzia hutsa; bizirik irauteko estrategia soila zen, naturarekiko elkarrizketa etengabea.
Bazen behin eramaittu bat... Oñatiko gida meteorologikoa liburuak ate bat irekitzen digu elkarrizketa horretara. Mendiz eta ibarrez inguratutako Oñati zaharrean, zerua ez zen soilik paisaia bat; egutegia, lanerako gida eta, askotan, mehatxua ere bazen. Euriak, elurrak, haizeak eta izotzak baldintzatzen zuten eguneroko bizimodua, eta, horretaz baliaturik, gure hizkerak altxor lexiko paregabea sortu zuen.
Liburu hau ez da hitz-zerrenda hutsa. Orri hauetan barrena, edurlandar, hozminaldi, ostarku, eramaittu edo zirimiri moduko berbak aurkituko ditugu. Baina, berba horien inguruan, beti egoten da antzinako oñatiar baten begirada: teilatuan islatzen den eguzkia, Aizkorri gaineko hodei beltzak, edo udaberrian ustekabean etorritako kuku-edurra. Gure arbasoek natura behatuz, interpretatuz eta izendatuz eraiki zuten munduaren ulermen oparoa. Eta ulermen hori, gaur egun, ahanzturaren lozorroan erortzeko arriskuan dago.
Hori ekiditeko sortu da gida hau. Hizkuntza gutxiagotuek, eta euskarak bereziki, etengabeko erronkari aurre egiten dihardute globalizazioaren aroan. Tokiko hizkerak, Oñatiko euskararen ñabardura bereziekin, gure identitatearen funtsa dira. Liburu honek ez du soilik hiztegia gordetzen; gure komunitateak naturarekin izan duen harreman sakona, errespetua eta lilura ere babesten ditu.
Joxe Erbin moduko behatzaile nekaezinen ekarpena eta belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititutako jakinduria batzea lan eskerga da. Egitasmo honek agerian uzten du, gaur egun gailu elektronikoen mende bizi garen arren, gure arbasoen behaketa gaitasunak eta izendatzeko moduak balio izugarria dutela oraindik ere.
Irakurle, hau gonbidapena da. Has zaitez ortziari so egiten. Irakurri atal bakoitza, jaso ezazu hitz bakoitza, eta, batez ere, erabili. Gure hizkuntzak bizirik iraun dezan, erabili behar ditugulako. Eta naturarekin dugun harremana berriz ere estutzeko, askotan nahikoa baita besterik gabe, burua jaso eta ortzian zer dagoen ikustea.
Izan dadila liburu hau gure arbasoen jakinduriaren gordailu eta datozen belaunaldientzako oinordetza naroa.

Ortziari begira, gure sustraiak aurkituz.


Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:

...ari du...

Azeri ezteia