Elur-muga 1.000 metro inguruan ibiliko da asteburuan
Arratsaldean, ordea, zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago Kantauri isurialdean; lurraldearen ipar-ekialdean euria ugaria izan daiteke. Trumoi-ekaitzak ere jo lezake. Hasieran hegoaldeko haizeak joko du eta arratsaldean iparraldera aldatuko da. Tenperatura maximoak jaitsi eta 15-20 ºC-ren bueltan geratuko dira.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak abisu horia ezarri du euriagatik gaur, ostirala, 12:00etatik hasita, bihar eguerdira arte. Gainera, larunbatean, 15:00etatik aurrera elurra dela eta abisu horia indarrean sartuko da 24 orduz Euskadi osoan.
Elur-kota behera
Larunbatean, euri ugari eta tenperaturaren jaitsiera nabarmena izango dugu. Zerua estalita egongo da, eta goiz partean euria barra-barra egingo du, batez ere Kantauri isurialdean.
Arratsaldean euri gutxiago egingo du, baina elur-kota 1.000 m ingurura jaitsiko da eta egunaren amaieran 1.000 metrotik behera ere bai. Iparraldeko haize bizia ibiliko da, bolada zakarrekin kostaldean, Ebro ibarrean eta mendi inguruetan. Tenperatura asko jaitsiko da; maximoak 13-14 ºC-tik behera geratuko dira lurralde osoan.
Hobera
Igandearen hasieran zerua oso hodeitsu egongo da eta Kantauri isurialdean noizbehinka euria egingo du, mendebaldean bereziki. Elur-kota 800 metrotan kokatuko da goizean goiz, egunean zehar 1.200 metrora igoz.
Goizean atertu egingo du eta arratsaldean eta gauean ostarte handiak zabalduko dira, barnealdean eta lurraldearen ekialdean bereziki. Ipar-ekialdeko haizeak joko du, oraindik bolada gogorrekin kostaldean; cierzo bizia espero da Ebro haranean. Tenperatura maximoak larunbatekoak baino gradu pare bat baxuagoak izango dira.
Iruzkinak