Eguraldia armatzat
GAUR8.info
TEKNOLOGIA -
Iratxe Esnaola
2012ko Otsailaren 17a
2012ko Otsailaren 17a
Asko hedatu ez den arren, eguraldiaren kontrola
ahalbidetzen duen teknologia existitzen dela entzun izan ahal dugu han
edo hemen. Proiektuak HAARP izena du, ingelesezko High Frecuency
Advanced Auroral Research Project izenaren akronimoa dena
[http://www.haarp.alaska.edu/]. Alaskako instalazio militar batzuetan
kokatuta dagoen 180 antenako eremu batean garatzen da. Antena horiek
guztiak batera funtzionatzen dute eta antena bakar batek bilioi bat watt
bidaliko balitu bezala da, atmosferan zuzenean sartzeko.
Alaskan kokatuta dagoen HAARP proiektua Ameriketako Estatu Batuetako
Marina eta Aireko Indarrek garatzen dituzten proiektuetako bat gehiago
da. Alegia, AEBetako Defensa Departamentuaren beste proiektu militar bat.
Baina nola funtzionatzen du? Antena horiek guztiek, modu
artifizialean, pultsuak igortzen dituzte. Pultsu horiek ionosfera
estimulatzen dute, beheko atmosferaren baitan distantzia handiak egin
ditzaketen uhinak sortuz. Uhin horiek lurrean sartzen dira azkenik,
misilen biltegiak edota lurrazpiko tunelak bilatzeko aukera emanez.
Baita ur azpian dauden urpe-ontzi eta itsaspekoekin komunikatzeko aukera
ere. Hori eta gehiago ahalbidetzen du HAARPek.
Funtsean, potentzia ikaragarria duen berogailu ionosferiko gisa
defini daiteke HAARPa: munduko berogailu ionosferiko indartsuena. Eta,
zentzu horretan, pertsonak sortu duen arma geofisiko sofistikatuena dela
baiezta daiteke.
Asko dira, ordea, proiektu honen atzean mundua manipulatzeko saiakera
bat ikusten dutenak. Klima aldatzeko gaitasuna lortzeko helburua balu
bezala. Edota pertsonon buruak kontrolatzeko beste modu bat sortzekoa,
atmosferaren frekuentziak eraldatuz. Eta bada halaber lurrikarak
probokatzeko tresna bat dela dioenik.
Egia da berogailu ionosferiko potentea dela eta horrek neurgaitzak
diren ondorioak sor ditzakeela. Are gehiago, antenen «ispilu
efektua»-gatik, berogailu horren ondorioak planetako edozein zonaldetara
bidera daitezkeela. Beraz, arma mota berri batez hitz egiten ari garela
esan daiteke, ekaitzak areagotzeko gai dena, lehorteak iraunarazi edo
luzatzeko indarra duena, balizko «etsaiaren» lurretan eraginez, «etsaia»
bera konturatu gabe.
HAARP proiektua, hortaz, polemikoa bezain arriskutsua da. Bere
sortzaile eta defendatzaileek izaera zientifiko, geofisiko eta
militarreko abantailak argudiatzen dituzte proiektuaren existentzia
defendatzeko. Baina aurkariek ondorio katastrofikoak sor ditzakeen arma
baten aurrean gaudela diote, ionosfera sakon aldatzeko gaitasuna eta,
gainera, pertsonen garunetan eragiteko ahalmena duelako, frekuentzia
baxuko uhinak frekuentzia altuko uhin bilakatzearen bitartez. HAARParen
sortzaile Bernard Eastlundek onartzen du, bere asmakizunak klima
kontrolatzea ahalbidetzen duela. Beldurra ematen du, aitortzen dut.
Hori guztia oinarritzat hartuta, Japoniako tsunamia probokatua izan
zela baieztatzen du batek baino gehiagok. HAARPeko datuak analizatuz
aurreikusi omen zen. Eta Japoniari guda meteorologikoaren mehatxua egin
zioten ordurako, AEBren baldintza finantzarioetara egokitzen ez bazen. Hugo Chavezek bere aldetik, Haitiko hondamendia AEBk
eragin zutela adierazi zuen. Sobietar Marinak eman omen zion honen
berri. Eta Pakistanen eta Iranen ere HAARParen gaineko konspirazioak
sortu dira.
Argi dago oraindik ez dela arma gisa publikoki aurkeztu. Baina horrek
ez du esan nahi, beharbada, arma gisa erabili ez denik. Eta, hortaz,
erasoak existitu ahal izan direla, gerra deklaraziorik gabe. HAARParen
sorkuntzak milaka milioiko inbertsioa ekarri zuen eta urtez urte
aurrekontu handiagoa du. Eta esango nuke AEBtako Defentsa Departamentuak ez duela dirutza hori klima aztertzeko soilik erabiltzen.
Iruzkinak