EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2008/06/23

Eguzkia eta Ura

http://sakkarah.blogia.com/upload/20061208221451-luar2qm.jpg
Ez dakit gaur San Juan gaua behar bezala ospatzerik izango dugunetz. Aro-iragarpen magikoen arabera, baliteke arrastirian sua piztu baino lehen erauntsi handi samarrek erasan diezaguten... Piztu ezean, berdin dio. Izan ere, San Juan egunaren gaineko guztiak ez daude suari loturik, ez; urak ere badauka zer ikusi eta zer esan eta nor bustirik. Izan ere, oraindik Euskal Herriko bazter batzuetan urari suari besteko garrantzia ematen diote eta horrek adierazten du horrelako ekanduak antzina-antzinakoak direla. Hainbat eremutan gertatu den bezalaxe, Kristautasunak usadio "paganoak" ezabatu nahian, ospakizunok bere egin eta ezarri egin zuen San Juan eguna. Jakina, San Juanek ba omen zeukan loturarik urarekin... Beraz, gaur su-metaren gainetik jauzi egin ezinik ibiliz gero, baduzue ordezko galantik. Utz iezaiozue euriari zeuen burua goitik behera busti egin dezan eta urte amaiera arte gorputza ez ezik arima ere garbitu-garbiturik izango duzue. A, gauzatxo bat! Gure arbasoak goizaldean arineketan eta iraulka biluzik ibiltzen ei ziren ihintzaz igurzteko. Hainbesterainokorik ez dizuet eskatuko. Ondo pasa!
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------