Hego haizearen izendapenak: sari-lehiaketa
Gaur, abenduak 10, "Irakurri eta idatzi blogetan" ekimena dela-eta, blogetan irakurri eta iruzkinak egitea sustatzearen aldera, eta batik bat "EtnoMet", jakina!, lehiaketa-sariketa bat proposatu nahi dizuet: gure haize maitatu-gorrotatuari buruz, hego haizeari buruz, alegia, ea zenbat izendapen dakizkizuen. Non-nahi begira dezakezue, hementxe nahiz edozein liburutan. Berton zenbat-gura izenen berri eman dugu, balio dute, nola ez! Beste hainbat falta dira. Kasik herri adina izendapen dauzkagu... Ez da euli-kaka, ez! Ez lotsatu, ez herabe izan, isilpeko horiek, zangar izan zaitezte! Gaur zortzi, abenduak 17, amaituko da epea. Nork hartuko ote duen saria galdetzen didazue eta erantzun behar dizuet izendapen gehien ematen dituzuen artean ZOZKETA egingo dudala. Beraz, lehiaketa sariketa bihurtuko dugu, nolabait, edozein aro-kumek aukera izan dezan. Zein ote den saria?.... Bada, aroari loturiko zerbait izan behar litzateke, ezta? Horixe ba! ESTAZIO METEOROLOGIKOA. Hurrengo egunetan zehaztasun gehiago emango dizkizuet. Hortaz, animatu eta parte hartu!
11 Comments:
At 17:20, Josi Sierra said…
Kepa: da eta sariketa bihurtzearena, mundiala!
Ea nik "estazio meteorologiko ditxosozkoa" irabazten ote dudan....
Meritoak egiten hasiko naiz oraingoagatik ezba?
Josi
At 18:46, Kepa Diegez said…
Aupa Josi eta ongi etorri! Eskerrik asko, sariketari ekiteko lehenengoa izateagatik. Baina, hego haizearen izendapenik badakizu?
At 21:49, Anonimoa said…
Andraizea!
Neuk irabazi nahi dut!!
At 21:51, Anonimoa said…
Aurreko mezuko torpea Jozulin izan da.
At 22:37, Anonimoa said…
Onena neretzat: Txoro-haize
At 21:27, Anonimoa said…
Hara, hara! Hortxe zaudete, e, isilpekoak? Tira, nik uste dut oraindik falta direla batzuk, bai, bai (barrea)...!
Nik asteburuan erantzungo dut... zuen sujerentziak irakurri eta gero, noski, saria neure-neurea da-eta (Tomaxen baimenarekin, hori bai)!
(barre gehiago)
K.
At 21:10, Anonimoa said…
Sarritan entzun dudan bat: erreka haize.
At 23:15, Josi Sierra said…
Beno beno:
zai egon naiz, ea Galdakaon baino izen originalagorik ateratzen ote zen eta... harritu nauzue!
Arratia eta Bilbo arteko inoren lurralde den herri honetan...
* Andraixea esaten jako batzutan eta
* Zoraixea (zoro-aixe-tik diot nik) beste batzutan.
X busti xamar esaten da gainera, i bat aurretik daukalako edo.
Beno ea saria nork (eta nola) daraman e?
Komentaixuak idazteko eguna pasatu arren, segi idazten, bale?
Besarkada bana
Js
At 17:33, Kepa Diegez said…
Eskerrik asko, orain arte parte hartu duzuen guztioi! Iruzkinak egiteko epea astelehenean amaituko da, beraz, asteburu osoa duzue isilpekook zeozer idazteko.
At 01:10, Anonimoa said…
Saialdia egin beharko dugu ba,...
Hemendik eta handik begiratu eta gero...
Bizkaiko zenbait tokitan "herriko haize" eta "goiko haize".
Eibar-en "Hegoi".
"Hembraize" ere ikusi dut nonbaiten.
Eta arrunta izan arren niri gehien gustatzen zaidana: "Haize-hegoa" gau epelaaaaaaa,...
At 21:47, Anonimoa said…
Niri ere gustatzen zait "haize-hegoa", baina baita "hego-haizea" ere. "Ero-haizea" ez zait gustatzen, eroentzat uzten dut. Eta Aturrin...ba leku batzuetan (oso leku bakanetan) mendi-malda haize jaso dut.
"Behor-haize" ere jasotakoa naiz, baina beste testuinguru batean.
E, isilpekoak, ez zarete agertuko inoiz? Kepa, Durangokoa porrota, baina geratuko gara egunen batean, ezta?
K.
Argitaratu iruzkina
<< Home