EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2007/02/07

Hego haizerik gabe ere zoratzen gara

http://www.seykota.com/tribe/FAQ/2003_Oct/Oct_26-31/worry.jpg

Ilbeteak ekarri digun aro sasi-umel eta samur antzean murgildurik jarraitzen dugun bitartean, otsaila izaten den bezalakoxea, arpa-jotzaile galanta, alajaina! hego haizea bekokia agerian ipini nahian dabil. Batzuetan, zeharka, beste batzuetan aurka, lehengora bueltatu garela ematen du. Hala eta guztiz ere, badira pertsonak hego haizerik gabe zoratzen direnak. Ardurak direla, kezkak direla, umeak direla, dirua dela, Athletic-Reala direla... kolko handikoak ez badira, putzu txikian itotzen dira, ura ikusi bezain azkar, besoei eragin eta urgaineratu beharrean, hondoratu egiten baitira. Egonarria eta lasaitasuna beharrezkoak dira une askotan. Ez estu-larritu! Hau da, arazo txikiena delarik ere, ez ohi dute jakiten berari nola aurre egin eta zelan bideratu. Hitz gutxitan esanda, titarekada bat uretan itotzen dira. Hortaz, badakizue, hego haizea dabilela-ez dabilela, jotzeagatik edo ez jotzeagatik beti izango dira bera gabe zoratzen direnak. Lehia estua dago norgehiagoka honetan "dun"-en eta "gabe"-en artean! Don't worry, be happy!
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------