EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2007/02/23

Garizuma eta aroa

http://eibar.org/blogak/oier/images/Lizartza-inauteriak.jpg

Behin inauteri, aratuste eta enparauak akiturik, Hausterre egunaz geroztik Garizuma aldiak garabiltzak goitik behera. Ezinbestez, badira sinesmenak erlijioa eta eguraldia uztartzen dituztenak. Hortaz, aipatzeko moduko garaia dugunez gero, bere baitan eguraldiari loturiko zenbait atsotitz biltzen ditu. Nabari denez, neguaren eta udaberriaren arteko zubi-lanak egiten ditu eta hori dela-eta, bi urtaroi dagozkienak topatzen ditugu. Antza denez, Garizuma neguaren luzatzea izan ohi da eta orduantxe jotzen duen haizea hotz samarra izaten da, beraz, otsail traidorea bukaturik, kasu, Garizumari! Betiko legez, kontzeptu batzuk errepikatzen dira atsotitz anitzetan. Adibidez, Garizuma bero, negua da gero; garizuma hotz, negua joan da (eta) poz. Dakikezuenez, herri-atsotiztegian bero-gero VS hotz-motz bikotea txitean pitean azaltzen zaigu eta hemen, motz ez, baina poz, bai. Ildo beretikoak honako hauek ditugu:

  • Garizuma berandu, udaberrie berandu.
  • Garizime berant, negue berant.
  • Garizima goiz, garizima berant, garizima hotz .
  • Goiz banintzen, berandu banintzen, garizuma beti negu nintzen.

Garizuma aldiak ere badauka bere haizetxo berezia: Garizuma-haizea. Pello Zabalak ongi asko daki zertan den haize mota hori. Izan ere, beraren herrian, horrelako izendapena jasota daukagu ekialdeko haizeari irizteko. Badakigu, jakin, bertatiko haizea ez dena batere beroa izaten:

  • Haize hotza, garizuma haizea.
  • Garizuma haizea, haize hotza.

Hortaz, kaskoa berotu digun otsail honekin ez fidatu, ze, ondotik Garizumak hoztu egingo gaitu. Eutsi aroari!
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------