EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2007/01/19

Ildia


Gaur ildia, Elantxoben ilberriari esaten dioten moduan eta bihar, urtarrilak 20, ilargia ezkutatu osteko eguna, Arratiako hiztunek diotenez, ilondoa. Ilargi-egutegi musulmanaren arabera Urte Berria. Jatorria Hejiran kokatzen da. Hitz horrek migrazioa esan nahi du, eta Mahometek eta musulmanen lehen komunitateak Mekatik Medinara ihes egin zuteneko urtea adierazten du. Egutegi gregoriarrean, Hejira 622. urteko uztailaren 16a da. 2007a egutegi islamiarraren 1428. urtea izango litzateke. Bihar ilondoa izanda zera egin behar da: ongarria itzuli, babazaharra erein eta txerria hil. Orain arte horietariko bat egin ezean, parada ederra duzue bihar bertan. Hortaz, kontu mordoa egun biotan. Gaurkoa ez da makala; batetik ostirala -euskaldunontzat zorte txarreko eguna- bestetik, ilberria, hots, aroak egundoko aldaketa izango du, baina ez gaur, bihar arratsetik aurrera, nonbait. Oraingoan, Muhamad lagun, gure egarria ase izango da. Itxuraz ilberritik ilbeterako aro-ziklo hau, urtarrilak 19-otsailak 2, hotza eta umela izango bide da. Ailedi izan! Ah!... gauzatxo bat: azkazalak luze izanez gero, moztu/ebaki itzazue gaur, egun aproposa duzue eta.
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------