EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2007/01/24

Gaur hotza, bihar izotza, etzi elurra, banuen beldurra!

Alineación al centrohttp://svenfoo.geekheim.de/wp-content/22c3backyardsnow.jpg

Azkenean, 2006-07ko neguazkenaldiko lehen elur-erauntsia! Hala eta guztiz ere, elurra ez da guzti-guztion gogoko izaten, batez ere, egunero ibiligailurik erabili behar izaten duenarentzat. Ni neure aldetik pozik nago Naturak bere onera itzultzeko beharra zeukan eta. Dena dela, Natura jakintsua da eta lantzean behin lehorteak sortaraztea zentzukoa ere izan liteke orekari eutsi diezaion. Norainokoa ote da jendakiaren eskua? Zer ote da ohikoa? Zer ote da "normala"? Euria eta ateria elkarren osagarriak dira, alajaina! Baia ezaren bitartez bizi da eta eza baiaren bidez. Marik ere eza du euskarri. Mari da Natura. Esanak esan, sikatea hizpide izatetik elurtea izatera igaro da oharkabean. Argi dago aroak bizi eta baldintzatzen gaituela uneoro. Orain arte etxeko terrazatik bilbotar kaletarra naizen honek inguruko mendiak baino ez ditut zuriturik ikusi. Ezkerretatik hasita: Pagasarri, Ganekogorta, Arraitz, Arroletza, Ganeran, Aragalario... Atzo gauean ekaitza lagun, polito bota zuen txotorra gure auzoan dena nabartzeraino(nabartu, Oñatin ia-ia zuritu), elur-pikor moduko bolatxo horiek, alegia. Iaz komentatu genuenez, askok txigorrarekin nahasten dute, baina ez da txingorra. Hori izotzez osaturik dago eta jarduten duenean lurra edo beste edozer jotzen duenean hots galanta ateratzen du. Txotorrak, ostera, ez. Isilagoa da, bigunagoa, eta ematen du haurrak jostetan zerugainetik polixpanezko bolatxoak jaurtitzen ibiltzen direla. Ez dut esperantzarik galdu. Ostirala gabe ikusiko ahal dut elurra egiten piri-para geure kaleetan!

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------