EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko herri-gunea.

2006/06/26

Igel euria eta beste

“http://www.noticiasdegipuzkoa.com/ediciones/2006/06/21/sociedad/gipuzkoa/fotos/1275128.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Aurrez ikusitakoak bete izan dira asteburuan, ostiral arratsaldetik hasita. Gure auzoan, behintzat, 20.45ak aldera, ortzia kopetilundu eta txingorra ere bota ez zuen, bada! (Ai, Mari, Mari, zertan henbilen?) Sor eta lor geratu ginen aleen tamaina ikusita. Asko eta luze egin ez bazuen ere, kazkabar aleak garbantzuak adinakoak ziren, gorputza joz gero, min ematerainokoak, bai horixe! Nolanahi ere, su-meta 22.30ean piztea pentsaturik zegoenez gero, ekaitzak ez zigun izorratu San Juan gaueko jaia, ez horixe! Etxetik irten baino lehen, zer gerta ere, Kapilduiko radar meteorologikoan begiratu nuen ekaitzak erasoko zigunetz eta sumatu ahal izan nuenaren arabera, bazirudien Errioxa aldean sorturikoak, Araba hegotik iparrera zeharkatu eta Bilbo aldea alboka joko zuela eta halaxe izan zen. Kalean ginela Pagasarri aldera so egin eta gero eta beltzago ikusten zen zerua eta gu noiz botako begira, badaezpada aterpetik hur. Hala ere, ez zen inor etxerarazteko bezain beldurgarria izan, bai zera! Arkupeetan sartu eta atertu arte tinko iraun. Zapatu-domeketan ere antzeko egoera errepikatu bide da eta antza denez, bazter batzuetan handi samarrak izan dira euriteak. Guztien artean, bitxiena Elgoibar aldean jardundako "igel-euria" izan da. Bertakoen arabera, igel txiki-txikiekin egin zuten topo lurraren gainean, behin ekaitza pasaturik. Hori ez omen da izaten fenomeno guztiz arraroa. Biologoen hitzetan, sasoi honetan, zapaburuak igel bihurtutik uharketatik ateratzera ausartzen dira eta pisu gutxikoak direnez gero, haize zurrunbiloren batek jaso eta beste toki batean jausi daitezke. Horixe jazo omen da oraingoan Elgoibar aldean. Beraz, aurrerantzean euri moten artean "igel euria"ri ere tokitxoa egin beharko diogu, bai horixe!
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------