Maiatzean hotza uxatzeko, amonak aulkia sutan erre omen zuen

“http://www.canarias7.es/especiales/sanjuan/f/1.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Pasa den otsailean idatzi genuen nola hilaren hasieraren inguruan makinatxo bat esaera eta atsotitz ziren aroari buruz: Agate Deuna, Kandelarioa, San Blas... Izan ere, orduanxe heltzen zen negua bere erdialdera eta hain zuzen ere, badirudi urtesasoien erdialdean eguraldiak nolabaiteko astinaldia piratzen duela. Orain, maiatzaren hasieran gaudela, udaberria ere bere erdialdera iritsi da, maiatzaren 5aren ingurutsuan. Estatistiken arabera, hozberoak behera egiten du egunokaz, tartean egun berotsuak izan direla. Iberiar Penintsulan neguranzko joeratxo bat izaten bide da eta hemen ez ezik, Europa aldean ere ba omen dago antzeko hizpide: Espainian, santos de los hielos, Frantzian, saints de la glace, Alemanian, Die drei Eisheiligen. Sarri askotan, asteotan udaberriak nabarmen atzera egiten du eta usu leiak eta elurra behe-mailetan. Nik neuk gogoratzen dut zelan orain dela urte batzuk maiatzaren hasierako egunen baten Bilbon zero azpitik izan ginen... Maiatza eta hotza uztartzen dituzten atsotitzak franko dira mintzaira ugaritan. Hona hemen batzuk zuen belarri izozkarri:

  1. Hotzak il egia(n) maiatza ta ni ase nenza(n).
  2. Maiatz eurite, urte ogite; hotza eta luzea, fini gure laborea.
  3. Maiatz hotz, urtea botz.
  4. Maiatz hotz, ez autz (agotz, lasto) ez biotz.
  5. Maiatz hotz, ez gari ta ez agotz.
  6. Maiatz hotzak dakaz potzak.
  7. Maiatz hotzak, abereak hiltzen.
  8. Maiatz pardo, ogi ta ardo; maiatz hotz, ez gari ez agotz.
  9. Maiatza hotz, urtea boz.
  10. Maiatza hotz, urtea motz.
  11. Maiatza neskatxa ederra ei zan baiña alperra; ta goseak eta otzak il zeuen.
  12. Maiatza hotz, urtea zorrotz.
  13. Maiatza hotza ta ekaina errautsa, laboraria urgulutsu
  14. Maiatza, erdi hotzak eta beste erdi goseak il emen zun.
  15. Maiatza, erdia hotzak il eta beste erdia beroak erre.
  16. Maiatza, erdiz hotzak illa ta erdiz beroak errea.
  17. Maiatza, lenago be hotzak hil oan.
  18. Maiatzean hotza uxatzeko, amonak aulkia sutan erre omen zuen.
Gaztelaniaz eta katalanez ere bai:

1. Hiela en mayo hasta el diez, alguna que otra vez

2. Per Sant Pancràs (maiatzak 12), el darrer glaç (azken izotza)

3. Per Sant Mamés (maiatzak 11), el darrer fred (azken hotza)

4. Si llueve por San Pedro Regalado (maiatzak 13) lloverá cuarenta días de contado.

5. La helada de San Bernardino, quita pan y no da vino (maiatzak 20)

6. La helada de Santa Rita, todo lo quita (maiatzak 22)

Athleticen zale naizen honek San Mamesi eskertu behar nioke Athleticek lehenengo mailan irautea... Izan ere, atzo hotza baino gehiago beroaldi eta bultzada galanta eman zizkion taldeari nagusitu ahal izateko

Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Eta gazteleraz be badago aski ezaguna dan maiatzak 40 arte azpigona ez kentzeko badaezpadako aholku hura.

San Mameseri jagokonez, neuk espero dot datorren astegoienean Atletikek "el darrer fred" pasatzea, Barçaren kontra, eta Errealak Espanyoleri irabaztea. Bazkari bat deukot-eta jokoan...

Ondo bizi!
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Aupa PAtxi!
Goizeon be freskurie ez da makala izan! Holangoak ditudaz gustuko.
Piterman gorabehera, neupere gurago dot Alavesek 1. mailan jarraitzea, hortaz, ea Errealak puntuatzen dauen Bartzelonan. Gora euskal taldeak!

Blog honetako argitalpen ezagunak

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...

Tximu eginda