EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/02/28

Iretargi berriak aro epel eta umela dakar

“http://www.mclarryfineart.com/imageshall/xl_La_Luna_Nueva.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Maleruski, azken erasanaldia ez da bazterrak zuritzeko bestekoa izan. Iberiar Penintsularen barrualdean gogor astindu badu ere, Euskal Herrira ia-ia ez zaigu iritsi. Gure amets gozoa eroen putzura, horratio! Zenbaitetan ekin dio elurra goietan, baina makal eta ganora handirik gabe. Horregatik, pasa den astean iragartzen genuenari nahi sendoa eransten genion, baina ez geunden oso konbentzituta. Bihotza buruari gailentzen ez zitzaion, bada! Hala ere, biharko badaukagu oraindik itxaropen izipi nimiño bat. Botako al du? Botako ahal du!
Bestalde, ilbeltzari agur egitekotan, azkeneko egunean ilberria etorri zaigu, aroaren aldaketaren iragarle. Izan ere, ilargialdi edo inguruetan izaten dira eguraldi aldaketa nabariak. Oraingoan, ipar haizea mendebaldera biratu eta itsas haizea izango bide dugu nagusi etzitik aurrera, haize epel eta umela. Euriterik? Behinola ilberriari buruzko izendapenak izan genituen aipagai, gaur, ostera, bakar baten berri emango dugu: iretargi barria. Dakizuenez, Bizkai aldean, ilargia esan beharrean, herri askotan iretargi eta beronen aldaerak erabiltzen dira. Hemen Uribe Kosta aldeko UK aldizkarian topatutako aipamen bat duzue begi eta garunaren gozagarri:


iretargi barria: B-Getxo. Gauez, gure parranda guztien zain iretargi ederra egongo da han goian, dagokion unearen arabera iretargi bete edo iretargi barri ikusteko aukera izango dugu, gure eskualde honetan hain nabariak diren edoi edo odoi eta laño astunek galazoten ez badigute, behintzat. Andoni Llosa. UK aldizkaria, 2002-12, 35 zenb.

2 Comments:

  • At 18:30, Anonymous Anonimoa said…

    Beraz, atzokoan oker ulertu ez bagenuen, Altzürükü aldean Manexeko haizea izango dute ondoko egunetan. Niko Etxarti galdetu beharko...

    Aizu, eta Travis Hall-ek "La Luna Nueva" dela esan ez balu, bere irudian ageri dena argi eta garbi hilargi betea dela jokatuko nuen.

    Tomax.

     
  • At 18:39, Blogger Kepa Diegez said…

    Horixe baietz! Baina, beraren koadroak horrelako izenburua duenez...erdaraz eta guzti.

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------