
Argazkiotan ikusten duzuen herria Bizkaiko hiri bakarra duzue: Urduña. Atze-atzean Salvada mendilerroa ikusten da eta mendiaren estalki, txapela gisa, bertan "bolloa" izenaz ezagutzen den fenomeno atmosferiko interesgarria. "Laino-jauzi" modukoa da, bene-benetan, ikusgarria. Bertakoen arabera hori gertatzeko egoera hau izan behar da: hezetasun handi samarra eta gauean zerua oskarbi eta jakina, hotz handia. Zenbaiten arabera, lainotzaren barruan, batzuetan -20 ºC neurtzeraino heldu dira. Beraz. mukiak gogortzeko adinako hotza. Bai horixe! Eta harrigarriena ez omen da hotza, zarata baizik. Bai, zarata, izan ere, zuhaitzen adaxkak eta abar izozturik daudenez gero, sekulako zalaparta enztuten omen da, hau da, leiaren karraska edo. Nik neuk horri buruzkoa entzun eta irakurrita baneukan ere, ez zitzaidan argazki-makina eramatea bururatu eta telefonokoarekin egin nituen berton ikusgai dauden argazkiak.
Politagoak Koldo Badillo argazkilariak dauzka bere webgunean. Urduñarren hitzetan, hain dira gozozaleak ze mendiei berei ere darie gozotasuna. Horixe da beraien azalpena. Eta ez dago ukatzerik egia dela. Urduñara joanez gero, foruen plazan bertan hiru establezimendu gomendagarri dituzue, bisitatu beharrekoak: Larrea, bizkotxoak eta pastak, a zelako antzinako kutsu gozoa!; Badillo, mantekada ospetsuak; eta duela gutxi zaharberrituriko aduana, bainuetxe, hotel eta jatetxe bihurtuta. Gu hiruetan izan ginen, begi eta ahoaren gozagarri.
7 Comments:
At 14:54,
Erramun Gerrikagoitia said…
Diozu Kepa ezen Bizkaiko hiri bakarra duzue: Urduña eta hor agertzen da zein importantea den lexiko zuzen eta egokia, zeren nik dakit azpalditik ze Urduña da Bizkaiko ziutate bakarra, duena hori kategoria administrativoa, titulu historiko bat, nahiz gaurko zentzu generikoan Urduña ez da ziutate bat, baizik herrixka bat.
Harik naintzen kollegioko estudiantea dakit ganik Urduñako bat esandia (ez phrasea) Orduña ciudad bravía veinticinco tarbernas y ninguna librería. Bestetik, ba dauka Bizkaiak hogetazak hiri (edo uri): Portugalete (euskaraz deitua ere ganik inguruko euskaldunak Portalde), Ondarroa, Ermua, Gerrikaitz, Herrigoiti, Bermeo, Ermua, ...
Gorobel da, oker ez banago, euskarazko izena hon Salvada mendilerroa.
At 15:17,
Xabi Zalbide said…
Zuzen dabil Erramun, Salvada mendilerroaren euskarazko izena Gorobel da, eta gaztelaniaz Sálvada, azentua lehenengo silaban. Azentuazio hau du jatorrizkoa toponimoak, ez dirudi gaztelaniazko "salvar" aditzarekin zerikusirik duenik.
Beste aldetik, bolloa ikusgarria da, bai; zapatu honetan bertan egon zen nahiko ikusgarri, behintzat Gorobelen jarraipena den Carbonilla mendilerroan (Burgoseko Mena haranean, Gurdieta eta Castro Grande mendien artean). Ni herritik atera nintzen bizikletaz goizetik eta paisaia eder-ederra zen bolloarekin. Pena da horrelakoetan argazki-kamera eroan ez izana.
At 15:19,
Patxi said…
Zumarragan, Izazpi mendian ere izaten da fenomeno hori, lainoak Izazpin trabatu eta hantxe. Geratuta nago askotan txora txora eginda begira.
At 19:10,
Kepa Diegez said…
Eskerrik asko argibideengatik. Bai, zuzen zaudete, "Sálvada" -a ze inportantea azentua!- euskaraz Garobel da. Bakoitzari berea zor. Ahal izanez gero euskal leku-izenak sustatu behar ditugu. Hiri eta gainerakoei dagokienez, Urduña hiria eta besteak -Bilbo, Portugalete...- hiribilduak zirelakoan nengoen.
Aizu, Patxi, Zumarraga aldeko laino hori dela-eta, izen berezirik?
At 23:30,
Erramun Gerrikagoitia said…
Kepa, arrazoiz diozu ezen deitzen direla -hobeto deitu dituztela- "hiribildu", baina hori da inventu ahistorikoa.
At 14:46,
Patxi said…
Galdetuko det sinfalta!
At 15:55,
Xabi Zalbide said…
Berriro ere Erramunekin ados!
Argitaratu iruzkina
<< Home