Haizerrikoa

Ez dago zalantzarik, 2005ean urria izendatu behar dugu hego haizearen hilabetea. Temati eta egoskor dabil gero! Une honetantxe, arratsaldeko 6ak, 25 gradu ditugu Bilbon: Noiz eta, urriaren 19an! Hamaika haizerriko jasateko jaioak gara! Haizerrikoa, bai, hitz elkarketa hori jaso zuen Eneko Barrutiak bere Bizkaiko Arrantzaleen Hiztegia liburuan. Bizkaiko herri batzuetan aurreko haizea esaten denez gero, (h)erriko hori nago ez ote den aurreko-aren aldaera. Zuek zer uste duzue?
aixerriko: B-Mundaka, Bermeo.Altos Hornoseko sua ikusten zenean itsasotik hurrengo egunean haizerrikoa seguru (Bermeo)
aixerriko eske: B-Mundaka. Klaru dagoenean eta gauez izarrak kinu-kinuka daudenean. Barometroa beherantz badoa haizerrikoaren eskea da, haizerrikoa ekarriko du.
Eneko Barrutia. Bizkaiko Arrantzaleen Hiztegia.
Iruzkinak
Gaur, Kepa, urriak 21 ditu eta Negulehena hasi da. Edo Negulehenean sartu gara. Egia esan, dabilen haize epelarekin ez da gehiegi nabaritzen. Baina egunotan ari dira pasatzen kurrilo edo lertxunak... eta horiek bai ez direla nahastu.
Dena dela, gaur ohartu naiz euskaldunek zergatik banatu zuten urtea lau zati hain asimetrikotan: udazkena askoz luuuuzeago eginez eta udaberria azkarrago piztuaraziz -hitzez bederen- horrela neguari koska kentzen ziotelakoan. Baina ez: erreparatu eguzkia egunotan nondik atera eta nondik sartzen den eta kontsolamendurako tarte txikia uzten du.
Tomax.
Antzinako euskaldunaren adimenak huts egiten ez zuelakoan nago... Urtaroak banatzeko zure proposamenak artikuluxka merezi du, axola ez badizu... Horrela izan liteke: Negulehenean bete betean. Zer deritzozu?