EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2013/01/02

Eguberri ondorengo lehenbiziko sei egunak nolako... eta VI



Aroari antzemateko atsotitzetan, horixe jaso dugu berehalakoa eta interesgarria delakoan. Horren arabera, abenduaren 26, 27, 28, 29, 30 eta 31 egunetako eguraldiari erreparatu beharrean gaude geurtzekoa zelakoa izango den jakiteko. Euskal Herri osoa aintzat hartzea oso gaitza denez gero, Deustualde ingurukoaz baliatuko gara ea atsotitza betetzen denetz.


Abenduak 26: goizaldean euri apur bat, hozkirri antzean eta egunaren barruan ateri eta epelerantza. Arratsean, ostera ere, fresko samar eta haizea harrotu nahian: urtarrila horrelakoxea izango bide da.

Abenduak 27: goizaldean 8 gradu, ateri eta lainoturik. Egunaren barruan, gehienbat lainotuta, epel eta batzuetan eguzkia herabeti. Arratsean, haize apur bat eta epel antzean, 12-13 gradu: otsaila horrelakoxea izango bide da.

Abenduak 28: goizaldean 8 gradu, oskarbi eta behe-lainotxoa. Egunaren barruan, gehienbat oskarbi eta epel, 14-15 gradu. Arratsean, hego-mendebala harroxko eta epel antzean, 12-13 gradu: martxoa horrelakoxea izango bide da.

Abenduak 29: goizaldean 13 gradu, lainoturik eta hego-mendebala zakar. Eguerdi aldean eurixka apur batean eta mendebaldeko haizea. Arratsaldean, oskarbitzera egin eta hoztu egin du. Gauean 8 bat gradu eta lainoxka zenbait. Haizea bare; apirila horrelakoxea izango bide da.

Abenduak 30: goizaldean 8 gradu, ostarteak eta mendebala bizi. Goizean apur bat lainotu eta euri tantatxo batzuk. Arratsaldean, lainotu samarturik eta epel antzean, 13 bat gradu. Gauean 9 bat gradu eta zenbait hodei. Haizea bizi samar; maiatza horrelakoxea izango bide da.

Abenduak 31: goizaldean 9 gradu, hedeiturik eta mendebala zakar samar. Eguna aurrera joan ahala, pixkanaka lainotu eta arratsaldean euri hasi zuen, 12 bat gradu zirela. Zaparradak tarteka.  ekaina horrelakoxea izango bide da.


Etiketak: , , , , ,

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------