EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko herri-gunea.

2012/10/23

Laserrak euri artifiziala sortzeko

Laserrak euri artifiziala sortzeko:

Imajinatzen al duzu eguraldia kontrolatzea posible dela? Hodeiak ezabatu edo sortu, euria eragin, ekaitzak ekidin, tifoi suntsikorrak sortu eta gidatu… Pixkanaka, zientzia fikziozko filmetan ikusi ohi ditugun etorkizuneko aukera eta teknologia harrigarri horiek egi bihurtzen ari direla dirudite.

Izan ere, Alemania eta Suitzako zientzialari talde bat urtebete daramate lanean laser bidez euria sortzeko modua aurkitzeko. Orain arteko lorpen nagusia laser bidezko uraren kondentsazio artifiziala izan da. Dena den, lortutako tantak txikiegiak dira, euri tantak baino 100 bider txikiagoak, alegia.
Baina bidea eraikita dago, eta esperimentuek arrakastaz aurrera egiten badute, etorkizunean benetako euria sortu ahal izango da. Nola? Potentzia handiko laser-sorta bat atmosferara jaurtikiz, gas egoeran dagoen uraren kondentsazioa eragiteko.
Klima aldaketaren eta planetaren gutxikako berotzea eraginez, planetako lur lehor eta antzuak zabaltzen ari dira eta, ondorioz, elikagaiak sortzeko eta inguruko izaki bizidunen biziraupena ziurtatzeko aukerak urriagoak dira. Ura falta denean ez da bizirik. Horregatik, euria artifizialki sortzea ikaragarrizko iraultza izango litzateke planetari oreka itzultzeko. Goseteak amaituko lirateke eta adituek aurreikusten dituzten etorkizuneko “uraren gudak” ez lirateke inoiz gertatuko.
Dena den, ikusteke dago oraindik euri artifiziala sortzeak zer eragin negatibo izango lituzkeen, naturarekin jolas egitea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.
Informazio zabalagoa: Phys.org (ingelesez)
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------