Aroaren Berbaroak "Amaraun"-ean

http://senaar.com/sites/default/files/lluvia.jpg
Atzo, martxoak 1, Hauteskunde-eguna, aro motel eta eroria zela, Euskadi Irratiko "Amarauna" saiora gonbidatu ninduten honetaz eta hartaz eta eguraldiaz eta aroaz mintzatzera. Arantza Kaltzadarekin izandako elkarrizketa atsegina izan zitzaidan oso, eta iruditzen zait apurka-apurka hedatuz doala eguraldiaren lexikoarekiko zaletasuna eta konpromisoa. Bloga eta liburua izan genituen hizpide eta, oro har, Aroaren Berbak eta esapideak. Askoz kontu gehiago nerabiltzan buruan, baina denbora oharkabean aurrera joan eta konturatzerako amaitu behar izan genuen. Ez zait erraza gertatzen berbek daukaten kultur-xarma zabalaraztea, ez horixe! Entzun nahi izanez gero, hementxe sakatu. Horregatik, aukerarik ñimiñoena edukita, azak ere landatzeko ematen dut izena, esan nahi baita, "bonbardaketa batera ere apuntatzen naizela". Gaur, "hautesondoa" izanda, eurira eman du aroak eta bihar ateritxo egongo bada ere, asteazkenean, udaberriko garta-denboren aurreneko egunarekin batera zitaldu eta doilortu egingo du aroak, batetik aro zuria, eta bestetik, gorria, "aro zuri-gorria", alegia. Ea eguraldi zuri-gorria lagun, Athleticek lortzen duen Kopako finalera heltzea. Lepo-leporaino gaude atsekabeekin. Ea poz hartzen dugun, alajaina!

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...