EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2009/03/03

Aro (zuri)gorria

http://www.niat.com.mx/Gaizka/imagenes/forofos%20vs%20betis.jpg

A zelako saltsa-maltsa dugun gaur! Xehe dezagun banan banan: batetik, ilgorarekin batera, udaberriko garta-denboren lehenengo eguna bizi dugu eta honezkero sumatuko zenutenez, eguraldi trakets samarrak erasan digu: euria bota ahalean, haizea zakar eta giro hozkirria gailen. Haizeak haize, horrixe erreparatu behar genioke gaur, adituen arabera, udaberriari begira, garta-denboretan funtsatutako iragarpen taxuzkoa egitekotan; une honetan ipar-mendebalak bete-betean inarrosten gaitu eta datozen egunetarako aurreikuspenak ildo beretsukoak dira, beraz, primadera busti-bustia izango ote dugu? Bestetik, aroak gorrira eman du eta zehazkiago esanda, "zurigorri"ra. Athleticeko jokalariek eguraldia lagun izango dute ezbairik gabe gaur gauean eta espero dezagun aroaren "gorritasun" horrek akuilatzea finalera igaro ahal izateko.
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------