Eulbera
Ura, suaren antzera, bikoitza da, baita, batzuetan, birritan bikoitza ere. Badira goiko urak eta beheko urak; badira bizitzaren urak eta badira heriotzarenak. Lamiak iturburuen alboan izaten dira beraz, ur biziak; deabrua, ostera zingira eta paduren inguruan ibili ohi da, hortaz, ur geldiak eta urdinak.
Ura zinezko gaztetasun ura izan daiteke. Herodotok kontatzen du ezen behin mezulari batzuek Etiopiako erregeari beraren menpeko bizitza luzeaz galdetu omen ziotela eta beronek erantzun omen zien 120 urtetik gora bizi izaten zirela. Eta mezulariak zur eta lur geratu zirenez gero, erregeak urbegi baten ondora eraman omen zituen eta esan omen zien bioleta lurrina zerien bertako urek giza azala eztitu egiten zutela. Urak hain ziren arinak, beraien gainean ezer ez zitekeen egon; den-dena urperatzen omen zen, guztia hondoratu. Etiopiarrak ur horiei esker luzaro bizi zitezkeen.
Hala ere, aurkia eta ifrentzuaren antzo, heriotzaren ura ere bada izan. Tazitok beste alderdi hori aipatzen du Germania izeneko liburuan, Ipar Europako herriek ama-lurra gurtzen dutela deskribatzean: "Uhartea da ozeanoan, baso sakratua, eta bertan karroza sagaratu bat, estalki batez ezkutatua; goi-apaizak baino ez dezake ukitu. Berak badaki jainkosa bere santutegian dagoela eta berak lagundu egiten dio begirunez, txahalek eramanda... Gero, karroza, estalkia eta, sinesteko prest egonez gero, jainkosa bera aintzirako bazter batean garbitzen dira: ataza hori egiten duten esklaboak aintzirak berak irensten ditu instant batean".
Bestalde, ez dira gutxi Danimarka, Norvegia eta Suediako zohikaztegi sakratuen berri ematen diguten dokumentuak. Islandian blokteldur ugari daude, giza sakrifizioak egiten ei diren urmaelak, non jainkoei eskainitako gizaki urkatuak amildegitik behera jaurtitzen ei baitziren. Tartariarrek sasikumeak ibaiek sortutako lokaztegietara botatzen omen zituzten eta oraindik aspaldian ez dela, Kornuallesen, ume gaixoak hiru aldiz San Mandron-en putzuan murgildu eta sendaturik ateratzen omen ziren.
Bestalde, Mali aldeko Dogon herri ospetsu eta izukaitzak badaki ur guztiak ez direna garbi-garbiak. Beraien zazpigarren arbaso mitikoak aldi berean harribitxiak eta ur lohia okaztatu zituen. Hori zela-eta, ur zikina ibai eta aintziretan barrena hedatu zen. Orduan ortzi-ahariak lehenengo eurite-txiza egin zuen orbandutako urak garbitu eta arazteko.
Azkenaldion, ez ahari-pixarik, ez euli-pixarik, behi-pixa jardun digu bota ahalean, eulbera, euri eder eta oparoa, hego haizearen orbana garbitu diguna.
Iruzkinak
Bego
Bego