Negar egin barik badago ere, negarra dariola dugu aroa,
goibel,
triste eta
hits. Zenbait bazterretan tarteka
lantzurda daragoion arren, lotsati eta herabeti dabilzkigu hodeiak, botako ez botako. Zeharo tapatuta dugu goia! Jende gehienak ez du gogoko honelako eguraldia, ez da, ez gatz, ez berakatz. Zertarako lainotuta euririk ezean? Egotekotan, bota dezala, ezta? Aroaren kolorea dela-eta, sarritan tristezia kolore urdinari lotzen diogu, ezta? Hor ditugu, ingelesezko "blues"(Erritmo erregularra zuen musika oinarri hartuta, esklaboek euren sentimenduak eta bizipenak islatzen zituzten, jaioterritik urrun egoteak eta askatasun barik bizitzeak tristura handia sortzen baitzien. Blues hitzak, hain zuzen, malenkonia esan nahi du ingelesez [
wikipedia]), behinolako Brasilgo abeslari baten kanta "El gato está triste y azul" eta jakina, Atharratzen aro hitsa izendatzeko baliatzen duten
dündü elea
. Hitz horrek Zuberoa aldean balio bikoitza dauka: batetik, "iluna" eta bestetik, "urdina". Hortaz, gaurko denbora
iluna eta
urdina dugu, baina ez diogu negarrari emango, ezta? Elkarri datxezkiolakoa daukat.
2 Comments:
At 11:52, Anonimoa said…
Aupa Kepa, aspaldiko!
Irakurri dot zeure artikulua eta erronkarierazko berba hartaz gogoratu naz, "dundu" bera, "urdin" esanahia deukona.
Beti iruditu jat berba misteriotsua, soinuz ederra, eta horregatik ez naz berataz ahazten, inguru haietan jada ez badaben erabili arren.
At 14:11, Kepa Diegez said…
Aupa, Patxi!
Bai, hizpidean zagoz. Berba enigmatikoa, alajaina! Nondik ete? Bai, Erronkarin bere erabilten ei zan. Hiztegi aldetik antzeko samarrak direz herrialde biak.Bideofonoa ete da?
Argitaratu iruzkina
<< Home