EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko herri-gunea.

2007/07/03

Txirkora, lapatxa, elutsa....

Hona hemen atzo GARAn Maider Eizmendi kazetariak elurraren izendapenen inguruan egindako erreportajea.


Txirkora, lapatxa, elutsa... Elurra izendatzeko euskarak ez du aukerarik falta

Eguraldia euskaldunen hizketagai kuttunetakoa da eta euskarak baliabide ugari ematen ditu, asko baitira fenomeno meteorologikoen inguruan mintzatzeko eskaintzen dituen hitzak. Asko, baina, adineko pertsonen ahotik baino ez dira entzuten egun.

Maider EIZMENDI

Uda estreinatu berritan akaso elurraz mintzatzea aldrebeskeria irudituko zaio bateren bati, baina lan bitxi zein interesgarri batek egin digu horretarako gonbita. Kepa Diegez euskara irakasleak, bere tesia osatzeko fenomeno meteorologikoen inguruko euskal terminologia aztertu du eta topatu duen aberastasunaren adibide da elurrari lotuta baliatzen diren hitz mordoxka.

Fenomeno meteorologiko hori izendatzeko terminologia oparoaren adibide izan dira han eta hemen eskimalak. Zabaldua da oso haiek elurra izendatzeko 400 hitz inguru dituztela. Euskarari ere ez zaio elur kontuetan oparotasunik falta. Kepa Diegezek adierazi duenez, aldagaiak kontuan hartuta 200 hitz inguruk egiten diote euskaraz erreferentzia elurrari, haietako askok eta askok egun adinekoen ahotik baino entzuteko modurik ez bada ere. Ugaritasun horrek, hain justu ere, Diegezen ustez, agerian uzten du eguraldia aspaldian «beste modu batera ulertzen» zela eta fenomeno meteorologikoez aritzeko ñabardura premia handiagoa zela. Agian, nekazaritza gunean elurrak zekartzan ondorioengatik halako aberastasuna. Baina horretaz gain, kostaldeko hainbat herritan elur jauzia izendatzeko hitz propioak izateak, eguraldian aldaketak gertatu direla ere iradoki dezake lan horren egilearen iritziz.

Elur fenomenoak izendatzeko hitzak prozesu osoari egiten diote erreferentzia, hau da, elurra agiten ari den momentuari ez ezik, hori pausatu eta desagertzen den arteko tarte guztiari. Maluta da izen generikoa, baina tamainaren arabera makina bat izendapen izan dezake. Hala, Baztan inguruan maluta oso txikiei eluts deitzen diete: elurraren eta hautsaren erlazioaren isla omen; eta fenomeno berari Arrasaten txirkora izena ematen diote. Gipuzkoako makina bat lekutan, berriz, elur lapatx deitzen diote oso tamaina txikiko maluta horiei.

Elurretan mardul jarduten duenean ohikoa izan ohi da mara-mara ari duela esatea, edo bala-bala edo farra-farra, baina Bizkaiko mendebaldeko euskalkian edurra garratz egiten duela ere esan ohi dute. Atentzioa deitzen du ere ugaritasuna adierazte aldera elurra goitik behera egiten duela esateak «beste modu batean egiteko aukera balego bezala». Gauza bera gertatzen da euriarekin ere, euri zaparrada dagoenean usadio da «euria ari du goitik behera» esatea.

Elurra egiteko moduari helduta makina bat hitz badira, horrek lurrean pausatzeko duen modua islatzeko ere hiztegi mardula dago. Elur xafla meheari gesal, gresal, kresal deitu ohi zaio; elur ugari botatakoan, berriz, elurtza egiten duela esaten da. Egunak pasa ahala, elurrak urtzen hasten da; «elur baltsa» egiten du hain justu ere. Hori makina bat lekutan, Uztarrotzeko euskal hiztunak baliatxarpaleta izena ematen baitio urtzen ari den elurrari.

Hitzok kulturaren zati dira

Aipatu izen mordoxka mantetzearen garrantziaz mintzatzen da Diegez. «Hitz horiek kulturaren parte dira, eta galduz gero, kulturaren zati bat ere galduko dugu, horixe bera adierazi nahi dut nire lanaren bitartez», dio. Hala, eguraldi iragarpenetan, ñabardura horiek barneratu behar direla proposatzen du, maiz «egiten diren iragarpenak oso hotzak baitira». «Gainera -azaldu du- ezin esan hitz horiek ulertzen ez direnik, kasurik gehienetan fenomenoa bera modu grafikoan azaltzen baitute. «Askotan gauzak erraztu aldera termino orokorregiak erabiltzen dira, eta polita da zehaztasunen berri ematea», dio Diegezek.

Adibide jarri du GARA egunkariko eguraldi iragarleak Joxe Landak baliatzen duen hizkera. «Maisu bat da niretzat, hiztegi zabala eta aberatsa darabilelako eta ulertzen erraza gainera; izan ere, hodeiak saretzen direla esanez gero, guztiok jabetzen gara zein fenomenotaz ari den», adierazi du adibide gisa.

Horrela izanda ere, eguraldiari errenferentzia egiten dioten hitz askok helduenen ahotan soilik irauten dute gaur egun, belaunaldi gazteagoek bakar batzuk baino ez baitituzte ezagutzen. Diegezen lanak eta Etnomet bere blogak primerako aukera ematen dute eguraldi kontuetan aberats hitz egin nahi dutenentzat.

3 Comments:

  • At 20:13, Anonymous Anonimoa said…

    Zorionak aipamen horrengatik, Kepa!


    K.

    p.s.: eta tesia, zer? (barre gaiztoxea...)

     
  • At 22:23, Blogger Kepa Diegez said…

    1000 esker!
    Tesia ez da "pinua", "haritza" da. Apurka-apurka haziz doa... guztion laguntzaz.

     
  • At 20:43, Anonymous Anonimoa said…

    BAi, arrazoia duzu, Kepa, adiskidantza edo bikote harremanak bezala, ikerketak ez dira, ez, bazterretako belarrak.
    Ba segi lanean!


    K.
    (oporrik bai, etnomet-ek?)

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------