Maiatza, erdia hotzak hil eta beste erdia beroak erre
Lorailean mutur batetik bestera ibili ohi garelakoa ziur baino ziurragoa da. Atsotiztegiak nekez egiten digu kale. Larri ibili! Aurpegi eta begitarte bikoa da zubi-lanak egiten dizkigun hilabete hau: gaur bero, bihar fresko (hotz?), etzi hotz-beroa! Anbiguotasunez zipriztindurikoa da maiatza, argi-iluna, gazi-gozoa, gozo-garratza, hyde-jekyllkoia... Gaitza da nora joko duen antzematea. Horra hor, lehen eguneko triskantza Lapurdi eta Nafarroan; asteburuko aroa tamanaikoa izan da eguzki eta beroaren zaleentzat... Guziarekin ere, ez dirudi aste hau hain argi-itzaltsua izango denik. Ez. horixe! Azore uharteetako antizikloiak nagitsu dabilkigunez, zirkinik egin gabe jardungo du eta beraren eskuinaldetik ipar-mendebaldetiko haizetxoak lerratuko zaizkigu, nonbait. Aukeran, horixe nahiago.
4 Comments:
At 15:51, Anonimoa said…
Asteburuan zer giro, beraz?
At 16:13, Kepa Diegez said…
Kaixo, Aritz eta ongi etorri EtnoMet-era. Badakizu, EHan lau egunetik gorako iragarpenek ezer gutxi balio dute eta ni ez nauzu aditua, baina atsotitzari erreparatu eta ze nagitsu dabilen antizikloia ikusita, lepoa egingo nuke fresko eta agian, euritxoren bat edo beste balitekeela egitea.
At 17:11, Anonimoa said…
Bai, lorailean gabiltza, alergia dugunontzako oso txarra!.
Iparraldeko leku batzuetan ere udaberri sasoi honen alderdi bi horiek nabarmentzen dira.
Zeanurin (uste dut) txikitan entzun nuela "apirila/maiatza gezurti, ura ez bada, eguzki" edo antzeko zerbait.
K.
At 19:10, Kepa Diegez said…
Berkaixo, Kristina:
Hori ere "badatxekio" maiatzari, alajaina! Oso polita.
Zain ezazu zeure burua!
Argitaratu iruzkina
<< Home