EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2007/03/28

Urak bazter mordoxka hartu du

“http://www.eitb24.com/archivos/imagenes/eitb24/sociedad/2007/03/24/El-rio-Zadorra-desboradado-junto-a-una-carretera--2007032417183113hg2.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Aspalditxotik hona, urak bere ohiko bidetik ateratzen direnetan, "uholde" berba non-nahi ikusi eta entzun egiten da. Oro da "uholde"; uholdeak han-hemenka, garajean uholdea, kalean uholdea, baratzean uholdea, parkean uholdea... "uholde" hitzaren oldar amaigabearen eraso irmo eta tinkoa, alajaina! Garbi asko dago non egon ote daitekeen adieraren gupidarik gabeko hedatze itsasgarria. Bai, asmatu egin duzue... gaztelanian! Gaztelaniaz dena da "inundar" eta "inundación". Euskal Herriko mendebaldekook uriola berba kasik galdutakotzat ematen dugu... ufalak inoiz edo behin entzuten da. Hala eta guztiz ere den-denak ez luke bide horretatik jo behar, hau da, urak bere bidetik ateratzen diren bakoitzean, beti ez da "uholde"-rik gertatzen. Hona hemen zenbait adibide:

  • Euria gogotik egin eta parkea urak hartu du.
  • Ibaiak gainezka egin eta garajea urpetu du
  • Euri jasaren ondorioz kaleak urez baterik / gainezka daude.
  • Urtegiko ateak ireki eta ondoko baratzeak urpean gelditu dira.
  • Urak gaina hartu du futbol-zelaian
  • ...
Ikusten duzuenez, uholdearen oldea bestela esan daiteke.


5 Comments:

  • At 20:18, Anonymous Anonimoa said…

    Aupa berriro, Kepa (eta bisitariak: ez dugula kosk egiten!),

    erabat ados zurekin, eta gainera, "uholde" hitza ez dugu bakarrik uraz ari garenean erabiltzen. Ez dio kalte gutxi egiten herri-euskara aberatsari, ez. Aturrialdean ere antzekoa gertatzen dela uste dut, ene datuen arabera beti: urak hartu, (urak) gainka egin ["gainka e'in 'ixu", adibidez. Arrantzaleen hizkerari ere beharbada begiratu ahal zaio...


    Kristina.

     
  • At 20:20, Anonymous Anonimoa said…

    Irudia Zadorrakoa da, ezta? Gasteiztik autopistara ateratzeko ere problemak egon ohi dira ("esperientzia dixit")


    Kristina.

     
  • At 17:26, Blogger Kepa Diegez said…

    Aupa, Kristina:
    bai, argazkia Zadorra aldekoa da. Uholdeekin uholdetzen gaituzte.

     
  • At 14:01, Anonymous Anonimoa said…

    Kaixo, Kepa eta lagunok:

    "Euskal Herriko mendebaldekook uriola berba kasik galdutakotzat ematen dugu..." irakurri dizut.

    Nik hitz hori -"uriola"- ETBko kroniketatik ikasi dut. Alde horretatik, salbatuta dago. Aldiz, Donostialdean esaten zen "ujala" bai dagoela desagertzear, gazteek ez dute-eta ezagutzen. Sinonimoen hiztegian aurkitu dut "uhola" baina...

    Tomax.

     
  • At 16:17, Blogger Kepa Diegez said…

    Bai, arrazoi duzu. Sikiera "uriola" lantzean behin entzuten da, baina besteak... arrastorik ez!
    Badirudi gehienak hemendik datozela:

    (h)ur + ol(d)e

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------