Ebi gutxi urtarrilean...

... ogia eder uztailean diosku atsotitz batek idazten dudan egun urtats ondoko honetan. Tarte batean idatzi ez, eta gaiak metatzen zaizkigu. Batetik, urtarril hasierako igarregunak edo zotalegunak; Pelloen liburuaz gain (oraindik ez badaukazu, eskura ezazu lehenbailehen, arren!), aurreko post honetan ere horien berri baduzue. Bestetik, hilari dagozkion izen bitxiak: sakatu hemen . Gaur ere ilbetea dugu, badakizue, Portuko ile apaindegia irekita duzue gauerdian. Badirudi koxkatxo bat ekarriko duela, euri-langarra... Bestalde, aroa ez du guztiz negutu, ahalegindu, bai, baina epel antzean dabilkigu oraindik ere... eta gure bazterrek txikolduta jarraitzen dutenez, Bilbo aldean ur-murrizketak hasiko ez dituzte, bada! Hala ere, gaur goizean udalaren kamioi bat ura alferrik galtzen ikusi ez dut, bada! Zertan gabiltza? Nolanahi ere, izenburuan azaltzen denaren arabera, urtarrileko ur bakana batzuentzat pozgarri izaten da. Adibidez, honako hauek:
Urtarrila idorte, laboraria dirute.
Urtarrila idorra, laborarien moltsondoa jori.
Beste batzuek, ostera, kontrako adierazten digute:
Urtarrila bero, zinkurinak gero.
Urtarrila euritsu, urtea dirutsu.
Urtarrila txuri, ez ardi t'ez axuri.
Urtarrila urik gabe, urtea ogi gabe.
Urtarrileko siketie, urte guztiko gosie
Nork ote du arrazoi? Nor ote da zuzen?
2 Comments:
At 00:35,
Anonimoa said…
Ebi gitxiarena benetako aurreikuspena da ala euri eskasidadeari buruzko sineskerez ari zara? Niri neuri urtarrileko edurrak gustatzen zaizkit gehien eta semea ere irrikitan daukagu edurtzan ibiltzeko baina ez dauka oraindik itxiura onik...
At 16:29,
Kepa Diegez said…
Tira, oso ironikoa da izenburu-atsotitza. Bat nator zurekin, espero daigun berandu baino lehen elurra etortzea.
Argitaratu iruzkina
<< Home