Ilberriak lei haizea dakar

Etzi ilberria denez gero, aroari nolabaiteko aldaketatxoa antzematen diogu eta orain arte itsas aldetik etorri izan zaigun haizea europan barrena ailegatuko bide zaigu, halanda ze, gaurtik gora aroak hoztu egingo du. Egoera horren "erruduna" Azore uharteetako antizikloi maitea, berau Erresuma Batua aldera bisitatxoa egitera joango da eta. Hori dela-eta, haizeak, hasieran ipar-ekialdetik eta gerora ekialdetik erasango digu, antza. Taxuzko abendua dugu, ezta? Adituen arabera, ez dirudi elurterik izango dugunik, baina, bai giro hotz-hotza. Ilberria beti ilberri. Gogora dezagun mota horretako haizeak hainbat izendapen biltzen dituela bere baitan Euskal Herriko zoko-mokoetan. Gaurkoan, mukiak gogortzeko bestekoaren berri emango dugu: lei haizea. Nik dakidala, Getxon eta Arrietan erabiltzen da. Behinola honako hau leitu nion UK aldizkarian Andoni Llosari: Pirinioetatik negu gogorretan datorrena elurrarekin batera, leiaxe esan ohi da, leiak edo izotzak egoten direlako. Andoni Llosa UK, 2002-12, 35 zenb. Zein baino zein hotzago lehiaketa honetan lei haizea nagusi lehi estu-estuan.

Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Kaixo, Kepa. Ondo diok, mukiak gogortzeko laineko haize hotza dela hau. Oraingo umeek apenas duten aspaldiko gure kandela haietakorik. 'Kandelaizea' ere deitu izan zaiok haize hotz honi, egia. Nolanahi ere, blogerako biharko tartetxoa, ilberriari dagokiona idazten ari nintzela irakurri diat hemen goikoa. Bueno, gure Aztiri maitagarriak bildu zituen izen batzuk, han bezalaxe, ipiniko ditiat hemen bertan ere...

Bihar, abenduak 20, ilberri motxa sartuko da eguerdi ondoko kafetxo beroaren orduan, eguzkiaren ordubietan. Zeken portatuko dela, halakoxe trazak dauzka ilargi ilun uztai-huts hotz honek. Goizeroko generoa zerbitu nahi digu jela zuri lodixkoan. Egutera estimatua izango da eguerdi ondoan, horixe bai. Añubeak ez du prezio handirik egingo oraintxe.

Gure zaharrak bazizuten argirik gisa honetako giroei bataio emateko orduan. Guk gehienetan 'frantzi iparra' deitzen diogun ipar etzantxo lehor honi, nola deituko eta "gose haizea" ipini zioten bailara batzutan. Agudo zabaldu zen deitura, eta baita beste batekin topo egin ere, "haizegorria", alajaina. Hala kantatu zuen Graziano Gesaltzakoak:
“Zorigaiztoko ifar-gorria,
kaltegarrizko haizia...
honen mendean hotz eta legor
izan da negu guztia,
nekazariari ekarri digu
urte beteko gosia”.

Hara hor 'haize gorriaren' emaria: urte beteko gosia, hotz eta lehor ekarri ohi duena. Ataun aldetik "jelerria" deitzen zioten, berriz: jelak dena erre eta ihar uzten dueneko izotz haizea, edo Bizkai aldetik diotenez, "lei haizea".
pellozabala
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Interesgarria beti Peioren ekarpena.

Haize mota honek (beti ere ene bilketa apalean) baina baita hotz-hotza datozen guztiek ere -nahiz zuk esan bezala, Kepa, ilberriarekin bereziki-, "müküak" edo "mükiak" sortzen dituela bildu dut.

Bestalde, behin -txikia nintzenean- norbaiti entzun nion "ilberriarekin (edo "ilberriak")hotz, sudurra (edo "muturra" zen?) motz"; zoritxarrez, ez dut gogoratzen nori/non/zeren harian. Dena den, agian bat-bateko "bertsoak" ziren; norbaitek entzun ote izan du inoiz esapide markatu gisa?

Bestelakoa da, beharbada haize hori nondik datorren esatea. Izan ere, dakizunez, Kepa, ipar/hego/eguzkialde/mendebalde laukoteak ez omen du itxura eta esanahi berdina Euskal Herrian. Adibidez, hainbat tokitan/hiztunengan ez da gauza bera "bearnes-haizea", "eguzki-haizea" edota "frantses-haizea". Gutienik, niretzat, interesgarria da banaketa hau antolatu zen arrazoietan sakontzea.

Kristina.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Kaixo, Kristina eta Pello!
Lehenik eta behin, eskerrik asko zuen iruzkinengatik. Bestalde, bai, Kristina, herrietan desberdin samarra izaten da haizeen gaineko pertzepzioa eta hori tesian islarazten saiatzen nabil. Sekulako lana da! Horretarako oso interesgarri duzu nire zuzendariaren artikulu hau: "Haizeen izendapenak ahozko hizkeran" http://denda.ueu.org/pdfak/Txillardegi.pdf
Aipatzen duzuna esapide gisa ez dut sekula entzun, baina, bai euren arteko loturak, "mukiak", "hotza", "ilberria"...
Aizak, Pello, "kandelaize" ze polita den! Ez zaukaat bilduta, beraz, artxibategira! Eta Ataun aldeko "jelerria", ezta ere. Zenbatnahi izendapen! Oso adierazgarriak Grazianoren bertsoak eta polit askoa hire artikulua.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...

Tximu eginda