Mendesta
Egunotan aroari zelanbaiteko aldaketatxoa igartzen zaio. Dagoeneko ez du hego-mendebalak jotzen eta hori hozberoan sumatzen dugu, ze tenperaturek nabarmentxo egin dute behera goizeon. Atzo urriko batez bestekoak ikusi nituen eta harrigarriak izan dira; zenbait tokitan ohikoaren gainetik 6ºC, horratio! Azaroaren lehenengoarekin bateratsu badirudi benetan negulehenera itzuli garela. Gaurkoan ekialdetik heltzen zaigu haizea, iparretik igaro ondoren, aspaldiko partez! Izandepen xelebre bila jardun eta gero izenburukoa duzue: mendesta. Nondik ote? Hona Ebaristo Bustintza (Kirikiño) idazlearen azalpena Edo geuk edo inok ez liburuan:
Mendesta? Laster egualdi txarra.«Este edo ekaldeko aizeari diñotsoe mendesta» (Aramaioren oarra). Itz auxe, nire ustez, dator frantzeratik: vent d'est.
Hemen sakatuz gero, kontu eta azalpen gehiago. On dagizuela!
2 Comments:
At 12:03, Anonimoa said…
Mendesta, bendunorra, lesta... Azkenean gertatuko da kaskoinen edo biarnesen (okzitandarren, orohar) eragina uste genuena baino handiagoa dela guregan. Alde horretatik, ez datozkigu gaizki ekialdeko bizilagunek bidalitako mendesta ufada batzuk, urteotan beste bezino batzuek itotzeraino zabaldu diguten hego-mendebalari pittin bat aurre egiteko.
Kepa: segitzen duzu bitxi oso politak ekartzen.
Tomax.
At 12:52, Kepa Diegez said…
Ezbairik gabe, okzitaniera geure-geurea dugu, EH-ko "laugarren hizkuntza" da eta. Eskerrik asko zure "piropo"-agatik.
Argitaratu iruzkina
<< Home