Jata haizea

“http://www.geocities.com/ciclismoseguro/bizkaia4.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Bai, zelatan egon ondoren, erdi ezkutaturik, hamaikagarren aldiz noiz erasango neguberri honetan... hego-mendebala azaldu ez zaigu, bada! Atlantikon barrena egundoko pasabide topatu du gure haize maiteak Azoreak uharteen aldeko antizikloia oporretan joan bide zaigu eta. Non ote hago? Arren, faborez, mesedez eta otoi, antzikloitxo, itzul hakigu! Hire falta handia sumatzen diagu. Bien bitartean, oporretatik noiz etorriko begira gaudela, etsipenak azpiraturik jarraituko beharko dugu batzuek, beste batzuek, ez, ordea, aro samurtxo hau atsegin dute eta. Noiz egingo ote dute laprast Groenlandiatik behera gure artera behinolako borraska eta zurrunbilo sendo eta hotzek? Azoreetako antizikloia oporretan joatea klima-aldaketaren seinale ote da? Zuek, adituok, zer diozue? Hego haizea dela eta ez-dela, ezin konta ahal izendapenen berri eman dugu. Gaurkoan, hego mendebalari datxekion izendapen peto-petoa blogeratuko dugu, Dxata aixe. Horixe erabiltzen dute Bakio aldeko hiztunek horrelako haizeak errukirik gabe astintzen dituenean. Mapan ikus dezakezuenez Jata mendia Mungia eta Bakio artean kokaturik dago eta azken honekiko hego-mendebaldean, zalantzarik gabe.

OHARRA: Lehengo egunean EtnoMet-en zale edo kideok Durango Azokan elkartu eta zeozer hartzeko proposamena luzatu genuen. Ez dakit zein izango litzatekeen egun eta ordurik aproposena. Niri neuri berdin dit, izan ere, poz handia hartuko nuke blog honen ingurura hurbiltzen zaretenok ezagutzean. Zuek utzi komentarioetan zein egun eta ordutan nahiago duzuen eta hortik aterako ditugu egun eta ordua. Mila esker guztioi!




Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Djata haizea, Kepa, argi dago, beste herri askotan lez, tokian tokiko geografiak sortutakoa dela. Zegaman fama asko du 'harraizeak', eta parean daukan Aizkorriko harri latzetatik piko-piko sartzen den hegohaize harroari dagokiona da. Baina, Oñatin 'gorbeianoa' deitzen diote hego-mendebal zalapartatsuari, Gorbeian barrena iristen delako geure txokora.

Azore irletakoa, berriz, hango '3 errege mago famatu' haien lotsaren lotsaz uste dut urrundu zela handik. Etortzen ez bada ere, bake santuan ibiliko gara, berezko bero jasangaitzak badirudi uzten gaituztela egun batzuetarako eta: lehen izotz ttikiak hemen ditugu aste honetan.

Durangokoari buruz, ni pronto. Ez dakit zein egunetan ibiliko naizen handik, baina, ondo legoke horrelako elkar-gunetxo bat topa egiteko seinalatzea.
pellozabala
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Bai, nahiko orokorra duk lekuizenen bat erabiltzea haize kontuetan. Hik aipatutakoen artean, Gorbea haizea ezzagutzen diat eta Zegamakoa ere bai. Horertaz gain, Zegaman ere ekialdeko haizea adierazteko "Arraza zakurra" erabiltzen omen ditek. Zer dela-eta?
Bestalde, hiri zein egun eta ordutan elkartzea komeni zaik?
Hau esan du Erramun Gerrikagoitia erabiltzaileak…
Ahal banu ni ere hurreratuko nintzateke.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...

Tximu eginda