EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/09/29

San Migel ilberriko elurre, neguko ta maiatzerainoko elurre

http://www.plazaola.org/imgx/derecha/fot_20.jpg

Ez dut inoiz Pelloren liburua -Naturaren mintzoa- egunez egun irakurri. Beti saltoka eta gauden egunari erreparatuz, hain da ederra! Gaurkoan, irailak 29, San Migel egunari dagokion pasarteren bat hona ekartzea erabaki dut, baten batek eskura ez badauka ere:

"San Migel inguruan, urriaren atarian, badaki hegoak bisitatxoren bat egiten: estimatua izan ohi da gainera, baba eta artaburu, umotzen eta zoritzen joan daitezen. Jondone Mikele, hegoan hiru errege, halakoxe erregalia baita hegoa neurriz datorrenean. Baina, badaki euri oparotik ematen ere: galdetu, bestela, egun hauetan festak dituzten herrietan. OƱatiarrak kexu agertu ohi dira, euriak urtero egiten duela-eta bere bisita. Hor ere abantailak hartu behar poltsikorako, esaera zaharraren estimua azalduz: San Migelek ola errotak hazi. Errotan bakarrik ez, ardoari ere, neurrian, beti, irabazia damaio: Aurretik edo ostetik, San Migel zaragixek utzitxen diez.
San Migel inguruko sasoi honetako fruituak ere aipatzen dira beste esakune zahar batzuetan: San Migeletan okaranak. Bada beste hitz bat ilargi jiroekin jolas egiten duena: San Migel eguna finkoa izanik, ilargia baita batera edo bestera egokitzen dena: San Migeletan ilberri, eros zak idi berri; San Migeletan ilzar, sal zak idi zar. Sarri ospatzen baitira aste hauetan azienda eta abelgorri, fruitu eta barazkiekiko azoka eta merkatu klase guztietakoak.
Eta azkenik, bada beste esaera bat, baserritarren erreparo guztiak biltzen dituena: Nolako negua ote dator? Eta horren seinale ezinbestekoa, berariaz erreparatu eta kontuan hartu beharrekoa, urriko ilberriarena da. Urriko edo sanmigeletako ilberria. San Migel ilberriko elurre, neguko ta maiatzerainoko elurre. Zer esan nahi du esaera honek? (Ik. urriren 27koan)".

Beraz, soluzioa egun horretantxe emango dugu.
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------