"Eguraldi ona"-ren inguruko kontzeptuan bat etortzea nekez lor litekeen kontua dugu; bataren ustez, bero-beroa, bestearen ustez, goibela... ziurrenik kaletarren eta baserritarren ikuspegiak zeharo diferenteak dira. Nik neuk, neure aldean "eguraldi ona" entzuten dudan gehientsuenetan, eguzkitsu eta beroa ulertu ohi dut. Ez dakitsuet zergatik, baina, batzuen batzuek izerdi patsetan eta ito beharrean egoteari "ona" deritzote: hamaika jasateko jaioak gara, alafede!! Nire irudiz, "aro ona" ez da kontzeptu bakarra eta aldaezina. Izan ere, zer egin nahi edo behar dugun halako aroa eskatzen dut nik, baina egundo ez, txangota, ez horixe!! Hori dela-eta, pasa den asteburuan gurean hondartzara joateko nahia azaldu zutenez gero, bertan egoteko moduko arotxoa eskaturik zegoen, ez bero-bero, ez fresko-fresko. Eta Bizkaiko kostaldean horixe izan dugu: berealdiko giroa, hondartzan egoteko. Ni ez nauzue oso hondartzaren zale, baina, tira, noizik behin... Egia esan, hondartza gustukoa bai, baina jende aldra eta eguzki galdatan egotea, ezta hurrik eman ere! Euskaldunok horretarako zertarakoa ikusita on edo txar irizten diogu eguraldiari. Hori dela-eta, honako bi esaldi hauek aditzera ematen digute zer zuhurrak garen:
"Berealdiko giroa dago eperretarako"
"Berealdiko giroa dago arta-jorrarako"
Beraz, iragarpenak ematekoan, hauxe esan beharko lukete:
"Berealdiko giroa dago hondartzarko"
"Berealdiko giroa dago mendirako"
"Berealdiko giroa dago mendikletaz ibiltzeko"
Edota:
"Berealdiko giroa dago zinemarako"
"Berealdiko giroa dago etxerako..."
Iruzkinak
Hiltzeko eguraldiari jagokonez, uste dot norberaren arabera ixengo dala. Neure kasuan, badakizu "eguraldi onak" hiltzen nauela (baita "eguraldi ona/txarra" erabilten dabenek be). Beste batzuk eguraldi euritsuagaz "hiltzeraino" goibeldu dira. Eta abar, ezta?