EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/06/21

Uda abian

“http://membres.lycos.fr/nlonv/ursamaj.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Gaur arratsaldeko 14.26an udak bere aldia hasi du ipar hemisferioan. Gaur ere urteko egunik luzeena da eta ez, jende askok usten duen bezala, ekainaren 23a edo 24a. Udaldiko ortziari dagokionez, oilariteetan Artizarra ikusi ahal izango da eta Marte, Jupiter eta Saturno, ostera, ilunsentietan uztailaren amaiera arte. Gauez honako izar-multzo hauek izango ditugu ikusgai: Cassiopeia, Cepheus, Cygnus (Zisnea edo Beltxarga), Dragoia eta Hartz Nagusia eta Txikia. Altair, Deneb eta Vega izarrak, udako "triangelua" eratzen dutenak, aiseen ikusiko dira udako ortzian. Guztiotarik, ezbairik gabe, ezagunetarikoa Hartz Nagusia da. Ohi bezala, Hartz Nagusiak, maiz Zeruko Gurdia edo Orga, elezahar greko batetik jasotzen du bere izena. Zeusek berak Calistorekin, errege baten alaba, amodioa egin, haurdun geratu eta hartz bihurtu omen zen. Batzuen esanetan Herak, Zeusen emazteak, ezarri zion zigorra izan zen; beste batzuen arabera, Zeusek erabilitako trikimailua da bere maitalea ezkutatu eta bere emaztea jeloskor ez egoteko. Hala eta guztiz ere, goreneko gorespena da, izan ere, Zeusek berak ortziaren gainean proiektatzen omen du Hartz Nagusia izar-multzo bihurtzeko asmoz. Bestalde, hinduen tradizioan, Hartz Nagusiaren zazpi izar dirdiratsuenak zazpi Rishiren bizilekuak omen dira, hots, jatorrizko zazpi jakintsuak. Txinatarrek ere ikusten omen dituzte zazpi izarrok zazpi Nagusi astronomikoen gisa, ortziko eraginen errealitatearen maisuak, baina horretaz gain, gaueko zeruko zazpi irekierak eta bihotzaren zazpi zuloak ere ikusten dituzte. Azkenik, euskaldunok, besteak beste, zera ikusten dugu zazpi izar dirdiratsuenetan, bi idi, itzaina, bere morroia eta neskamea eta bi lapur beraiek zaintzen dituztenak; zortzigarren izarra, Alcor, makalagoa, txakur txikia da.




2 Comments:

  • At 20:27, Anonymous Anonimoa said…

    Udaon, lagunok!
    Izartegian abiatuko zen eguerdian uda. Kepa, gure asaben eskarmentuak bestela asmatu zuen, eta euren arabera, aspaldi abiatu zen uda, uda-berriarekin hain justu, berriberri, oxta-oxta... orain daukaguna, uda marduldua, gizendua eta gorpuztua da, udaminaren galgatan guriguri, izerdi patsetan sargorituz, oreixa eta ostots, lehertu beharrean eta puzka trumilka ibiliko dena. Beste urteetan gustuko nuen esatea, "artean ez bazen ere, lasai egoteko, etorriko zela uda dontsu hori, uda-azkenean bederen..." eta halaxe, egunik garbi-gardenenak udazkenean etorri ei ziren. Aurten, nago, udako tarterik sanoena, gaxte freskoena, maiatzaren bihotzean igaro genuela eta zitzaigula... Halere, bero eta sargoriak gora behera, uda eta udamina estrainatu ditugu... ea nola portatzen den, ez al gara udazkenari deika erdiminetan ibiliko... Udaon koadrilla osoari!
    pellozabala

     
  • At 12:21, Blogger Kepa Diegez said…

    Baita berorri ere, udaon!

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------