EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/04/27

Lainoaren garrak

“http://www3.sympatico.ca/truenorthtrading/group_of_seven/IMG_2256.JPG” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.
Hor dabilkigu antizikloia maite ez maiteko, arrimatu nahian eta gabean. Bero beharrean egoten denean muturtxoa sartu eta ipar haize leuna igortzen digu bere baitan euri langarra biltzen duena. Asteon bigarren aldiz mehe eta xehe jardun ez digu, bada! Lainoak bere garrak jaurti dizkigu baina ez dira ziri bilakatu. Zirimiri mailara heltzen ez den euri mota horrek zenbatgura izendapen hartzen ditu han-hemenka Euskal Herrian. Esan liteke zenbat herri hainbat izen dauzkagula. Hori narotasuna! Ala oztopoa da? Batzuek galdutzat ematen bazuten ere, txitean-pitean idatzi izan dugu lainotiko bustitze horretaz. Ai, ai,... lasterregi jotzen ditugu ezkilak! Aileza iraun! Nik neuk ezin gogokoago dut horrelakoa. Izan ere, eguratsari kutsu fantasmagoriko zoragarria atxikitzen dio, magikoa, azken batean. Ikusgaitza, baina igarterraza den euri mota hori laino berbarekin dugu ezkonduta sarri askotan. Adibidez, lainoaren abarra, garra, ihintz, pixa, zurda.... Hortik, lanparra, langarra, lanpixa, lainointz, lantzurda...Antzinako euskal gizakiaren adimenak hainbat irudi bilatu ditu emeki-emeki bustitzen zuen euriari izena emateko. Eta baten batek esan izan du euskaldunak ez daukala bee barnean poesiarik, herri bortitz eta basatia garela... Langarra baino poetikoagorik ezagutzen duzue? Eta lanpixa? Mundiala!

3 Comments:

  • At 20:30, Anonymous Anonimoa said…

    Arrazoi duk, Kepa. Zenbat izen polit, tokian tokikoak, hain geurea den lanbroxka ttipitxo hori adierazteko!
    Guk lanbro deitu izan diogu Amezketa aldean. Gero, fraile lagunekin eta, langarra entzuten genuen sarri. Azpeiti eta Errezil aldekoek 'iparra' ere deitzen zioten, bai lanbro-lainoari eta baita bisutsa moduko ttanttantxo ttiki horri ere. Niri asko gustatu zitzaidana, Azkuek Lekeitiotik bildutako 'euri-zirin' hori. Eta, azken urteotan neureganatu dudana, hemen Oñati-Arantzazu aldeotan erabiltzen duten 'gizi' edo ttikiago egiteko (hemen diotenaz) 'gixixa', bai elur-gixixa eta baita euri-gixixa ere. Polita, benetan! Orotarikoan ere hor dator 'euri-gizi' delakoa.
    Azken egunotan gurekin lapatuta daukagu, batez ere mendi inguru hauetan. Ez du askorik egiten, baina, gaur da bosgarrenez daukaguna, eta 4 litro besterik ez du bota orain artean. Iparraren ekarria honelakoa izan ohi da sarri, batez ere udaberriko apirilean eta udako abuztuan. Mendirako, udan batipat, ongarri suertatzen da, baina mendian ibiltzeko oso gaiztoa da: zenbat mendizale galdu izan diren, Aralar aldean behintzat...
    pellozabala

     
  • At 23:54, Anonymous Anonimoa said…

    Zirimiria eta Botxoa... Azken urteotan emoten dau bikote honek apurtu behar dauala euren artekoa. Hainbat urtez lotu-lotuta egoazanak, eta gaur egun badirudi desagertzear dagoala geurean langarra .

    Ikusiko dogu!

    PD Hauxe izan da neure etnometeo-estrenaldia zeurean, Kepa. Ederra da bloga. Aupa zu!

     
  • At 10:20, Blogger Kepa Diegez said…

    Ondo etorri, Patxi!
    Mila esker!

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------