Pasa den ostiraleko ekaitzaldia nolabait iragarrita bazegoen ere, aho bete hortz utzi gintuen, zurtz egiteraino. Inortxok ere ez zuen halakorik espero, ezta meteorologoek ere. Zer gertatzen da eguratsean? Sarrita aipatu ohi den bero-mataza hori, zerk sortarazi du? Han-hemenkako komentarioek ildo beretik jo dute: "Hi, ikusi dok zelako ekatxa?". Mardul-mardul bota zuen eta gainera larunbat goizaldean Nafarroako barrualdean zenbait tokitan uholde eta guzti. Betiko legez ekaitzaren ostean barealdia etorri zaigu, baina, kontuz! Atsotitzak argi eta garbi adierazten digu:
apirila ekaitz hila. Horrelako ekaitzei jarraitzea egun
Euskalmet-ek Kapildui mendian ipinitako radar meteorologikoari esker erraz egin daiteke. Ostiralekoa ezin hobeto jarraitu ahal izan genuen beraren bitartez. Bizkaiko kostaldean antzarrei adi eta beha ibiliko ziren ekaitza noiz helduko. Izan ere,
antzarrak agertzen dienien (edo datozenien), denporalie (edo ekatxa) dator. Eta Mari, zer? Ai, ai, ai! Ostirala izanda bere bikotekidearekin, Sugaar, bat egin nahian zebilen eta Kantabriaraino joan zitzaion bila eta gero Nafarroa aldera ekarri, Euskal Herria mendebaldetik ekialderaino zeharkaturik. Nik neuk, bahintzat, azalpen horixe ematen diet umeei. Zentzuzkoena da, ezta? Inoiz estatistikaren bat egin behar genuke ea zenbat aldiz jotzen duen ortziak ostiraletan. Seguru asko makina bat. Gure arbasoek zeharo garbi zuten:
barikuan izaten dira ekaitzak, Mariren erruz! Nolanahi ere,
aro txarrari aurpegi ona edo euskara jatorrean
aro txarrari, bular edo izenburuko atsotitza,
gibel egiok ekaitzari, bular aldi onari!
Iruzkinak
Apiril bakoitza, beraz, bere tankerako. Beste kontu bat. Atzo goizean kukuen peskizan irten nintzen. Baita entzun ere bederatzi hegazti izkutu horietakoei. Hiru kantaerak gozatu ahal izan nituen: bat bakarra ohiko tonu ta erdikoa; hiru, tonu bakarrekoak; eta bost, bi tonurekikoak.
Baina, harritu ninduena, beste kontu hauxe (tentuz, Tomax): iraileko barruti-belazetako txanpinoiak, nola? Bada, dozenerdi bat mardul mardulak topatu nituen. Ez nintzen fido, eta ez nituen jaso: txortena mamorro eta hartxoz jana eta xulatua zuten, gaineko teilatutxoa garbi eta dotorea bazuten ere... eta, harrigarriagoa, 'lanperna' bat topatu nuen ttentte-ttentte, gaxte nerabea... Hau ezin utzi izan nuen han, eta emeki ekarri nuen etxera...
pellozabala
Pello: goimendietan pagoen berde berriari erreparaka zaudeten bitartean, behe hauetan arkazien zuria miresten ari gara. Hori erlearen zoriona, eguzkiak sudurra agertuko balu!
Tomax.
Tomax: Kauen zotz, egia da! Gure "Udaberria" 21ean hastekoa zen eta hemen ez dugu ezer aipatu. Barkaezina. Hurrengo urtean ahaztuko ez ahal zaigu!!
"Arantza beltza ago zabal, arto lurrek ago zabal",
"Arantza zurie loran dago, arto egiten giro dago",
"Elorritxue loran dago, artua ereiten giro dago".
"Elorria loran dago, mirua loka dago, artoa ereiteko a zer sasoia dagon!",
"Miru zurixa etorri da ta, artua ereiten hasi biheko dogu!"
Hauek denak sasoiari nola erreparatzen zioten agertzen digute: batzuk landareei, elorri beltz nahiz zuri, besteek miru arre nahiz miru-zurixari... etortzen baitira hauek ere Maroko aldeko mendietatik gureetara hemen lokatu eta kumak ateratzera; Nafarro aldera ia guztiz zuriak, hona Arantzazura zuri-beltzak, hegalari finak, hemengo saiak baino askoz zaluago eta axkarragoak...
Baina, artoa ereiteko presa-nahia-grina ta ezina, beti ere eguraldiak behartuta sarriegi sentitzen zutena, beste honako erranairu honek agertzen du egoki ta preziso: "San Jurgi, artoak ereiteko goizegi; San Markos, ai artoak eginda balegoz!" Ze tarte dago bada, Jurgitik Maskosera? Jurgi, diada eta guzti, 23an izan, eta Markos, 25ean...! Artoak egiteko gutxitxo. Baina, hor sortzen ziren gure laborarien estuasunak: udaberriko egun lanerakoak bazihoazela ikustean, eta lurra ez zegoela pronto, edo ez zuelako behar beste lehortzen, edo goldatuta gero ere, ez zuelako area edo nafar-are 'karramarroa' soroan sartzeko betarik ematen... busti orduak ugariago izaten baitira askotan sasoi honetan, eguzkitsu eta lehorrak baino, eta ezin maneiatu lurra: Por san Marcos, por el suelo hay charcos, ziotsaten Gaztelatik.
Nolakoa joan da san Markos eguna? "San Mark egunean euria bada, berrogei egunez guti edo gehiago euria eginen du", hala ziotsaten Baxenabarre aldean. Euririk apenas, lanbro apur bat mendietan, baina egun iluna, lainateria mendietan lapatuta iraun zuelako, ipar ahulak ez baikaitu utzi nahi. "San Markos aurreti odoiak yotzen badu, urte ura arto-urte ona"... balioko ote du artotarako joan den ostiraleko odoiak? Aprobetxatu zuten batzuen-batzuk sagardotegiyan ederkiasko, e, Kepa?
pellozabala
Tomax.