EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/04/06

Apirila enararen hila

Lehengoan Pellok komentatzen zuen nola hasiak ziren enarak agertzen. Izan ere bizkaieraz aprille elaian hille atsotitza badugu hori egiaztatzeko. Kalekumea naizen hau ez naiz batere aditua txori eta hegaztietan, baina amaraunean apur baten aritu ondoren zenbait jakingarri lor daitezke enararen inguruan. Zientzi.net-en Asier Sarasua Garmendiak orain dela 11 urte oso artikulu polita idatzi zuen elaiei buruz. Bertara jo dezakezue xehetasunez jabetzekotan. Bestalde sarri askotan komentatu izan dugu zer-nolako jakinduria darien gure baserritarrei. Beti edukitzen dute erantzun, esaera edo atsotitzen bat uneko aroari egokiturikoa. Adibidez, apirila euritsua bada, urtea oparoa izango dela adierazteko, apirila euritsua, urte kakatsua esaten dute. Hau da, artoa, garia eta enparauak ugari izango ditugunez, asko jan eta kaka asko egingo dugu; haize badabil, nekazaria ez da tristetzen, apirilak aizetsubak nekazaria poztutzen du; apirilean bero egiten badu, badirudi gero ordainak etorriko zaizkigula, apirila bero, negua gero; hilabete honen beste ezaugarri bat ekaitzak maiz izatea omen da, apirila, ekaitz hila edota aro makur iraunkorra iragartzen duenik ere bada, apirileko trumoia berrogei eguneko berdatea. Hitz interesgarria berdate (berde+te) denborale edo ekaitza adierazteko; eguraldia nahasi samarra izaten denez gero, apirilak hiru aro dauzkala dioenik ere bada. Ez da harritzekoa hori entzutea, izan ere, makina bat aldiz komentatzen dugu nolako aro aldakorra izaten dugun; euririk egin ez, eta sikate edo lehorte handi samarra suertatuz gero, apirileko lehortea harri erauntsiaren hurrengoa. Beti igualtsu gertatu ohi da, egoera zakarrak ez dira berez leun eta suabe amaitzen, ez. Erabateko aldaketa izaten da eta burrrunba "to, harri erauntsia"; apirila hotza bada, betiko baliabidea du euskaldun adimenak apirila hotz, udaberria motz. Behin baino gehiagotan konbinatzen dira "bero-gero" edo "hotz-motz". Zergatik ote? Hau lagin txikia besterik ez da, baina erraz suma daitekeenez, baserritarrak edozertarako dauka ihardespena. Inteligentea da oso.

2 Comments:

  • At 11:10, Anonymous Anonimoa said…

    Elaiak, enarak, eliztxoriak... izen batzuk badituzte gure imaginarioan, eta esaera mordoska, ondo diozunez, Kepa. Bitxia honakoa: "Eliztxoriak iltzia, pekatu mortala". Bazuen horrelako edo antzekorik beste hainbat animaliatxo maitati horietakok ere: tximeleta akabatzea, euria ewgingo zuen seinale; amonamantangorria ere zaindu beharrekoa zen, libelulak akabatzea ere, inolaz ere egin behar ez zena... bueno, baserri inguruko xomorro maitagarrien inguruko usteak.
    Eta enarekin lotuta, eguraldiari erreparatu ohi zioten seinale: goian badabiltz eguraldi ona, lurretik gertu, ekaitz seinale, etabar. Noski, antizikloi giroan, eltxo ta xomorro ttikiakhan goian dirateke hegalari. Depresioz eta haize boladetan, aldiz, behean edo errekondoan. Ondo igerrita zeukaten euren joera.
    Arantzazun enara eta sorbeltz (vencejo), bina genero etorri ohi zaizkigu: ipurtxuriak hasi dira banaka batzuk, arroketako enara gris horiek aspalditik dabiltz, eta
    sorbeltzetakoak ere bi moetak ikusiak ditut, bata baserri inguruetan eta bestea hemen, dorreen inguruan. Laister ditugu batak eta besteak, habiak konpontzen... hura izaten da lokatz bustiz lan egin beharra. Gure etxe handi honetan, hogeiren bat habi izango dira, euren txorrotxioz alaituko direnak: ez dira batere lotsatiak, metro batera ere, hortxe dauzkazu begira-begira, txorro-txorro-txio eginez, berritxu alaiak, elaiak...
    Gozatu ederrik hartu behar dut euren konpainian.
    pellozabala

     
  • At 13:45, Blogger Kepa Diegez said…

    Nik, ostera, txori eta hegaztietan aukera handirik ez. Salako leihotik, antxetak, kalatxoriak, ubarroi bakartiren bat eta aldian behin despistaturiko lertxunen bat. A... lehengo egunean etxe alboko parketxo batean zozo bat ikusi nian mokoka eta jakina, betiko artxatxoriak jostari non-nahi. A zelako zoreta hirea, Pello!

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------