EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/03/24

Hau da hau, a zelako astea!

“http://www.geocities.com/rat_palace/ozpics/arrarumuthari.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.
Aste honetan gogait eragiteraino iristeko ziorik ez dugu izan. Dela udaberria, dela Uraren Nazioarteko eguna, dela Meteorologiaren Nazioarteko eguna, dela atzoko Pelloren hitzaldia, dela su-etena... Gainera, Tomaxek komentario batean zuzen eta artez zioenez, Pello Zabala profeta ere bihutu ez zaigu, ba! Ilbeherarekin batera, koskatxo bat sartuko zuela eta... euria gogotik -Bilbo inguruan, behintzat- eta su-etena! Horixe da ilbeherak ekarri duen berria, alajaina! Jakintsu eta txukun jardun zuen Pellok atzo aipatutako hitzaldian, NASAren iragarpenak ala tenporak? Gaian zeharo murgilduta dagoenez gero, dakien guztia erraz helarazten dakiten horietarikoa da. Atsegina izan zen oso. Joandako guztiok pozarren irten ginen eta hemendik aurrera tenporen inguruan jantzixeago.
Bestalde, duela zenbait egun astintzen hasi zigun hego haizeak badirudi hurrengo egunetan bere hartan iraungo duela. Tenporetako lehendabiziko egunean, hortxe ibili ziren jo eta ke hego eta mendebal haizeak firin faran norgehiagoka eta horren arabera, udaberriaren lehenengo zatia horrelakoxea izango zen noiz hego, noiz mendebal, tarteka euria... Asteburu honetan, beraz, hego mendebala jaun eta jabe edo galgoia kostaldeko zenbait herritan esaten duten bezalaxe. Azkuek Hiztegian Bizkaiko kostaldean eta Zumaian erabiltzen zutela adierazi zuen eta orain dela urte gutxi, Eneko Barrutiak berba hori Ondarroen jaso eta Bizkaiko Arrantzaleen Hiztegian agertarazi zuen: suroesta da. Beste inon entzun duzue?

2 Comments:

  • At 09:32, Anonymous Anonimoa said…

    Neure iruzkina ez dator haize-izen hauei buruz. Barka!
    Baina, larunbatero EIrratian asteko iragarpena egiten dudanez, pentsau xat (oñatiar peto-petoa hau) blog honetan be tartekatzea, bloglariok eskura dezazuen iragarpnetxu hau.
    Hegomendebal harroxka dabil duela ja hirugarren astetik, tenporetan sartu zenetik eta hurrengo 8-10 egunetan edo... Joan den asteko hego-boladek haize hotza zuten gaindegian: hori delata, ilargi-koska (20-21-22) euritsuago eta ekaitztsuago ere izan zen, batez ere barrualdeotan (Arantzazun bi arratsez kazkabar-ttikia bota zuen). Oraingo depresiogunea, aldiz, bakeosoago dator, gaindegi horretan (5.000 metro gora) epelago daukagulako giroa. Beraz, paseko lainoak bai, altuantzean, baina lan gutxi ekarriko dutenak. Aste honetako ilargi-koska, asteazkeneko ilargi beltxarena da. Egun eta erdi aurretik gaiztotuko du, baina ezinean bezala, gutxi, alegia. Hotzaldi ttiki bat, euri puxka bat, hor sartuko baita hegomendebalak jarraian ekarri ohi duen mendebal frexko umelagoa. Eta gainerakoan, jarraiko dio bere ekarriari: giro epela, bero ere bai kostan; zarpil antzean zenbat eta mendirago...
    Beraz, ilargi ttiki beltxaranak, oraingoan ez dakar ohiko okerraldi nabarmenik: ilargi bete astesantuko zuriari trukatuko dio lanbidea, eta dirudienez, ilgorak berak presta nahi dio bidea; baina, ilgora apirilaren 5ean da, artean ere 10-11 egun falta dira...
    pellozabala

     
  • At 09:03, Anonymous Anonimoa said…

    KUKUA ARANTZAZUN
    Bidaiaz nekaturiko kukua hemen dugu, haize ufaden artean kukuka. Gauez eta bakarka etortzen omen dira kukuok hegoalde beheko horietatik. Nekearen ahulez edo, kuku Sol-Mi ohikoaren ordez, gaur goizeko honek Sol-Fa kantetan dau. Tonu bakar baten 'koxka' besterik ezin du oraingoz: entsegu gehiagoz, eta haize gurea, itsasaldekoa hasten denean, orduan ja tonu eta erdiko koska naturalagoa (Sol-Mi) abestuko du, ziur. Txanponik baote nuen galdetuko duzue: ez ba! Inoiz ez nau harrapatu txanponegaz, baina faltau be ez zait faltau txanponik. Gaur, etxeko giltzak besterik ez nuen patrikan: etxea zaintzeko lana hartu beharko dut nirekin, kukuka.
    pellozabala

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------