EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/03/29

Eguzkiluna

“http://www.akyaka-guenes.de/Bild/9Sonne_mit_AGT.gif” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Gaurko eguzki eklipsea egon da iragarrita eta egia esan, zatikakoa izan da oso Euskal Herrian, ez, ordea, munduko beste bazter batzuetan, adibidez, Turkian. Eta Turkia, eklipsea eta eguzkia, dena nahastutako saski-naski horrek gogora ekarri dit nola turkierak, euskararen antzera, egun hitzetik sortarazten duen eguzki hitza. Horrela:

euskara: egun - eguzki - egun on
turkiera: gün - günes -günaydin

Ilargia dela-eta, ilgora ere hîlal esaten da

Zer dela- eta hori? Kointzidentzia hutsa? Ni ez naiz oso aditua hizkuntzen tipologian, baina uste dut zer pentsatu eman lezakeela.

Eklipse berbaren inguruan hona hemen Mokoroaren hiztegitik erauzitako zenbait esaldi:

1. Marra bat egina zuten jakintsunek gogoz, han-hemen-ka herri batzuen izenak hartuz zointan ilhun-kuku behar baitzen oren-laurden batez.
En cuáles pueblos se produciría el eclipse....
Hiriart Urruty J. . Hiriart Urruty... (II). (P. Lafitte) (L )

2. Eguerdi bikaiñean Eguzkiri Illargi tartetik sartzen bazaio ....
Interponérsele la luna al sol... (Eclipse).
Orixe / Ormaetxea Nicolás . Euskaldunak. (N. Ormaetxea). Ed. Auñamendi (NG )

3. Zu zara Zuzi, gaurik-bagako argia ...: zure argitan bizi da Kristoren gizon guztia....
Luz sin noche, sin eclipse..., inmarcesible.
Arrese Beitia Felipe . IBAIZABAL (semanario). (B )

4. Illun-aldiak izaten ditu eguzkiak berak-ere.
(Eclipses.)
Otaegi Claudio . EUSKAL ERRIA (revista), 1885 1 (G )

5. Lehenik kokots-alde bat kukutu dio (iguzkiari ilargiak); gero bertzea; gero gaineko hegiño batez-bertze guzia .
Todos menos un pequeño borde superior. (Eclipse parcial del sol.)
Hiriart Urruty J. . Hiriart Urruty... (II). (P. Lafitte) (L )

6 Comments:

  • At 19:02, Anonymous Anonimoa said…

    Bejondeiala, Kepa! Garaiz eta puntuan ibili haiz eguzkilun kokots-punttaren atalño bat soilik erdilundu den une eta gunearekiko. Nik ez zioat axolarik eman, menditik ibilaldi ttiki bat egiteko probestu dudan arren. Banenkien gero telebixtan emanen zigutela, eta hantxe bake-bakean ikusi ahalko nuela. Turkiarrena ere jakingarria, benetan. Zenbat eta antzinago joan urteetan, orduan eta ahaidego estuagoak topatzen ditugu hainbat herrirekin, batez ere, ekialde hurbileneko horiekin...
    Hegoaren ufadak eta hegomendebalaren etorria noiz arte ote dugu? Zozomikoteak oraintxe ditugu: martxoak artzainarekin ukan zuen sestra apirilaren bi egunekin garbitu zueneko kontua. Orixek eta Julian Alustizak bildu dituzte horretaz kontuak. Biak laburbildu ditut Garan azkenorrian etzi aterako den lantxoan. Han ikusiko duzue. Baina, hegoarenak badirudi martxoarekin apalduko direla. Apirilak, bizpahiru lehen egunetan ez bada ere, laister sartuko digu itsasoko haire fresko umel bustia. Koarta-tenporek hortxe daude. Nolanahi ere, etzi, aste osoko aroaren etorriari begiuratuko diot, atzeraka nola joan behar dugun jakiteko, antzinakoak markatu zigunaren arabera beti...
    pellozabala

     
  • At 22:22, Blogger Kepa Diegez said…

    Aupa, Pello!
    Bai turkieraren kontuak beti harritu izan naik, bertan izan nintzenez geroztik. Ez diat uste egun eta gün kasualitatea direnik. Bestalde, zozomikoteen kontua dela-eta, higandik ikasitakoari zeozer erantsiko zioat han-hemenka ikerturik. Adi irakurriko diat GARAkoa.

     
  • At 10:41, Anonymous Anonimoa said…

    Atzoko ilhun-kukuak "Sol-Mi" ala "Sol-Fa" egin zuen? "Sol-Fa,bemol" akaso?

    Tomax.

     
  • At 09:02, Anonymous Anonimoa said…

    Tomax, ilhun-kuku hori oso egoki zagok eta gustatu zaik, ezta? Kuku eta kiku sarri ta asko erabili izan baitugu, ixtant bateko koxka ttikiak adierazteko. Baino, aizak, kukuaren tonuen arabera, erreparatuta nagok, nola 3 tonu darabiltzaten. Ez diat argitu ahal izan noiztsu eta nola ta zergatik. Kukua oso lotsatia duk berez: etorri ete bakarka, ez taldean, eta gauez etortzen omen duk: eta bere burua erakutsi, ezta...! Nik kukukuma bat eduki nian hazi nahiez: teologia ikasten geundela, beste lagun batek ekarri zian etxera, txantxangorri kabian kabitzen ez zela... Teologo ikasle koadrilla arduratzen ginduan hura aseko bagenun, gauero koartoko leihoa zabalik, argia piztuta, tximeleta gaueko potola horiek etorri ahala harrapatu eta hari ematen... burua atzera bota eta, rraauusst! irensten zizkian guk emandako guztiak. Baina beti gose zegoela, eta, aste bat pasata gero, hazi samarra ere bai, eraman genian, lehengo kabi ingurura, eta baita arrimatu ere han bizi zen txantxangorria, eta hari jarraitzen zioan... eta utzi genioan bizitzen. Fraile gazteon udaberri-loratxo polita izan huan hori, han 1963ko udaberrian. Ba. niona, ez zakiat nolaz ta noiz ta zergatik den, baina 3 doinu antzerako eta ezberdin botatzen ditek: noten bidez adierazteko, Sol-Fa, Sol-Mi, Sol-Mib(emol)... Hau esaten nian, Fa-bemol esaten huanean, barregurea eman zidalako bemol horrek. Fa nota sostenidoen mailan lehenbizikoa baita, eta bemolen sailean, azkena, zazpigarrena, alegia, eta ia inoiz ez zaiok tokatzen bemolik Fa gajoari.
    Nolanahi ere, Kepak ipintzen dizkigun ñabardura politekin, guk gozatu ederrik hartzen diagu eta geure kosetxako iruzkintxoak bota ere bai, umore onez jarrai dezan, ezta?
    pellozabala

     
  • At 11:29, Anonymous Anonimoa said…

    "Zer kuku eta zer kiku? Kaiku da hi haizena, kaiku!", esan zidak emazte txistulariak "Fa-bemol"arena kontatu diodanean.

    Tomax.

     
  • At 12:54, Blogger Kepa Diegez said…

    Ai, Tomax, Etnoumorea badugu, gero!!

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------