Hozkara da denbora
Otsailaren hasierako santu sorta igarota -eguraldia ez da oso eskasa izan, beraz, geroago negua, "Kandelario bero, negua gero"- ohikoetara itzuli gara. Egunotan aro eder samarra dugu, goizez eta gauez, fresko antzean eta egunez epeltxo, hots, eguraldi hozkara, Duvoisinek bere hiztegian dakarrenaren arabera. Ez du mukiak gogortzeko adinako hotzik egiten, baina, bai gorde samarturik kalean zehar ibiltzeko bestekoa. Mokoroak ere antzeko terminoa jaso zuen Gipuzkoako Amasan, (h)ozkarra. Horrelaxe zioen: Denbora ozkarra dago. Pasa den asten zenbait aro-ikertzailek iragartzen ziguten denbora petrala desbideratu bide da Erdialdeko Europan barrena. Hobe heldu izan balitzaigu! Horrela beste hizpideren bat izan genezakeen, osterantzean, txepeltxo badabil eguraldia EtnoAroa hau ere txepelago, ez baitago zeri ekin. Beno, hori ez da guztiz egiazkoa, ze, egia esan, aroa beti izaten da hizpide noiznahi eta non-nahi, ala ez?
Iruzkinak