Frantzi iparra eta haizea

Behin baino gehiagotan agertu izan da blog honetan frantziparraren kontua, hau da, Europan barrena lehor eta hotz erasaten digun haize mota. Pasa den asteburuan horretarikoa izan bide dugu, baina, alde nabaria izan da itsasaldearen eta barrualdearen artean. Itsasaldean lainotu samarturik egon denez gero, hodeiek lurretiko beroari eutsi eta hotza ez da hainbestekoa izan, aitzitik, barrualdean, oskarbi egonda beroak ihes egin du egurats aldera eta hori dela-eta, hozberoa ez da nolanahikoa izan. Aspalditxoan badirudi frantzipar izendapena hedatu dela, hala ere, zergatik frantzipar eta ez errusipar. Izan ere, behinola esan genuenaren haritik, haize klase horrek Euskal Herriko ipar edo ekialdea zeharkatzen du, beraz.... atera kontuak! Eta errusipar erabiltzen ez bada ere, bai, ordea, rusoa, horixe, behinik behin, jaso baitzuen Candido Izagirrek Oñati aldean: "Viento muy frio, de la cruz de Aloña hacia Zelaizabal".
Frantzia aldeko ipar-eki haizeari dagokionez honako hau bildu dut:
fransaize: “Frantzia aldetik heldu den haize freskoa”. N-Baztan. Fransaize au otza da. Fransaizeak abarriketzen (hondatzen) gaitu. Mariano Izeta. Baztango Hiztegia.
frantzi-aize, ipar: “Viento muy frio de la cruz de Aloña hacia Zelaizabal. G-Oñati. Candido Izagirre. El vocabulario vasco de Aránzazu-Oñate.
frantzipar: Haizeak ipar-ekialdetik joko du, frantziparra edo ipar beltzaren tankera hartuz. Joxe Landa. GARA, 2003-02-13.
OHARRA: neguko tenporak, aste honetako 14, 16 eta 17an dira eta antza denez, ipar haizea izango da nagusi. Ikusiko dugu!
Iruzkinak
ea pasa den moduko negurik dugun! Neu ere negu gorriaren zale nauzu. Tenporak lagun... negua ilun. Ondo ibili.