EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2005/11/26

2005-2006 udazken-negualdia: 1. elurtza

Aspaldi honetan aro-ikertzaileek ez dute kale egiten. Gogotik egin du elurra ostiraletik behe samarrean. Larunbat goizaldean 300-400 metrotik gora, behintzat, Bilbo inguruko mendietan. Eskuinaldeko argazkia Gasteizen egindakoa da eta benetan, xelebrea! Lehengo egunean blog batean -ez dakit zeinetan- irakurri nuen elurrak pozten gaituelako kontua ez ote den hedabideek bultzaturik edo, agian, american way of lifek eraginda. Ea zergatik poztu behar dugun. Nik neuk txikitatik atsegin izan dut elurra. Gure hirian ez da sarri gertatzen eta hori dela-eta, ikaragarri gustatzen zait. Eta udazken-negualdiko lehenengo elurtza denez gero, eman diezaiegun birpasatxoa Euskal Herriko bazterretan erabiltzen diren izendapenei. Bi dira oinarrizkoak, edur eta elur, eta horietatik aldaera fonetikoak.

edur: Bizkaiera. Labayru Hiztegia.
elhur
: 1.BN-Baigorri.2.Oihenart.Atsotitzak,136. Elhurra, bere aroan, asegarri.
elhür iz.: BN-Arruta.
elor iz.: N-Beruete.
elur iz.: Behe-Nafarrera / N-Erronkari / Gipuzkera / Zuberera. Ori elurraren ariera! Azkue. Hiztegia.
erur iz.: B-Arratia, Mundaka. Orozko, Txorierri. Azkue. Hiztegia. Urte erurrezkoa, garizkoa. (RS, 150). Erur asko dan urtean, garia; ta erle asko dogunean eztia (RS).
eur iz.: Bizkaiera. Jatsiko dira meza entzutera jaiegunetan, indriska ta eurra bada bere. Moguel. Peru Abarka 59-25 or.



“http://www.elcorreodigital.com/vizcaya/pg051127/prensa/fotos/200511/27/018D7VIZ001_1.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

11 Comments:

  • At 09:36, Anonymous Anonimoa said…

    American way of life eta elurzaletasuna horrela uztartzea, errespetu osoz, niri nahiko txorrada handia iruditzen zait, gure kasuan behintzat. Nik betidanik izan dut elurra gustuko, elurrak lilura berezia dauka.

    Ni larunbat goizean elurretan ibili nintzen, eta argazkitxo batzuk egin nituen. Hori bai, Gasteizko txirrindulariak baino adore gutxiarekin, bai horixe! ;-)

     
  • At 10:19, Anonymous Anonimoa said…

    Kepa, ez dakizu zein zoriontsu egin nauzun Azkueren aipamen horrekin:

    elur iz.: Behe-Nafarrera / N-Erronkari / Gipuzkera / Zuberera. Ori elurraren ariera! Azkue. Hiztegia.

    "Ariera" ez du Azkuek berak bere hiztegian biltzen.. ez bide da esistitzen beraz! Gipuzkoako kostaldean asko erabiltzen zen (eta da) "aiera" baina "missing" dago idazle eta kazetarien aho eta lumetatik.

    Bere garaian jakin banu Azkueren errefentzia hori, Goierriko zuzentzaile hark ez zidan zentsuratu eta "jarduera" bihurtuko.

    Tomax.

     
  • At 10:48, Anonymous Anonimoa said…

    Hara ze kasualidadea. Duela egun gutxi zuzentzen nenbilen testu batean irakurri nuen "ariera" berba. Arreta eman zidan, entzuna nuen arren, eta arakatu nuen hiztegietan: batek ere ez dakar. Hala ere, uzti egin nuen zuzendu barik, testuak kutsu literarioa zuen eta ez nuen lar zorrotz jokatu gura.

    Berba polita da, ez dakit zergatik ez den aprobretxatzen euskara batuaren corpus lexikorako.

     
  • At 11:13, Blogger Erramun Gerrikagoitia said…

    Ihardun hitzetik sortzen bada iharduera (nik oraino ez dut ulertu zergatik behar da izkiriatu jarduera) guziz diaphanoa da ari hitzetik sortzea ariera.

    Gainera ari verbua da anitz emankorra eta versatila kin bere konjugatione osoa. Ikasirik naiz, hor dugu erraz erraz ari naiz, ginen ikasirik gero simpleki ari ginen. Aitzitik tik ihardun dugu sortzen da hori ez hain erraza dihardugu, iraganean geniharduen. Berba batean ni nagoela alde ari eta aski kontra (baina ez absolutuan) ihardun eta bere enparauak. Komenigarriago dela bata askoz gehiago ezi bestea, ari ezi ihardun, eta hori -zergatik ez- darabildala neure euskara propriotik ihardun eta ikasia dudala ari neure kanpoko euskaratik.

     
  • At 14:22, Blogger Kepa Diegez said…

    "Ariera" guztiz bazterturik dago gaur egun. Badirudi "jarduera" nagusi zaigula orotarako. Zuberoan "arizale" ere irakurri eta entzun daukat, zerbaitetan jarduten duen pertsona adierazteko, beraz "ari"-k ematen duen aukeraz baliatu behar genuke. Ereduzko prosan hau baino ez dut aurkitu:

    Kuskue tanden, Iñaki Iñurrieta
    (Alberdania, 2004)


    1. Orr.: 149
    Arrasto horretan islatzen da, bada, aurreko ariera osoa.
    2. Orr.: 176
    Zeure ariera guztia koadrikula mugatu horretan konplitzera kondenaturik dago.
    3. Orr.: 191
    Kaligrafia txukunez kopiatuko zituen, noski, eta ariera horri esker jabetuko zen kopiatzen zituen hitzetan zetzan esanahiaz, zentzuaz, jakituriaz.

    Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola
    (Alberdania, 2005)


    1. Orr.: 280
    Flasha, ezin goragoko sentsazioa, heriotzaren mugetarainoko jolasa, Natura goitarra edo Kimika goitarra bezalako ideien liluramendua eta itsumena, Haiek gabe egon ezina...: gauza askotxok senidetzen ditu mendigoizalea eta drogagoizalea, baina, ongi pentsatuz gero, azken honen jarduna edo ariera askozaz ere garbiagoa da, soilagoa, biluziagoa eta zintzoagoa, mendi-jonkiarena baino.

     
  • At 17:34, Anonymous Anonimoa said…

    "Ari" horrek jokoa eman du eta gehiago eman lezake. Ez dakit orain asko entzuten den, baina lehen esaten zen -adibidez- euskaldun "arinaiztar" asko zegoela: "Euskaraz ba al dakizu?" galdetu eta beti "Barkatu, ikasten ari naiz..." urteak joan eta urteak etorri. Arinaiztarrak.

    Ariera bada jarduera eta jarduna ere bai. Tipo bat mekabendioska ari bazen (edo txorakeriak esaten) "hori izango dek gizonaren ariera" esaten genuen eta dugu. Gipuzkoako Beterrian erruz (eurrez) usatzen da.

    Baina zuzentzaile-zentsore guztiak ez izaki Xabito bezain eskuzabalak...

    Tomax.

     
  • At 17:54, Blogger Kepa Diegez said…

    Badakizu, Tomax, batzuetan ausardiak ez dauka lotsarik... Sarritan iruditzen zait hizkunzaren corpusa ez dugula behar bezala ezagutzen eta modak direla-eta artaziak sartzen ditugula. Orotarikoa amaraunean balego... beharbada beste kuku batek joko liguke. Xabitok oso zuhur jokatu du. Zorionak!

     
  • At 18:19, Anonymous Anonimoa said…

    Ados nago Keparekin, nik uste dut euskara batuak tradiziozko eta egungo iturretatik edan behar duela, ganoraz baina edan behar du beldur barik.

    Nik, dena dela, zuzentzaile izatekotan, xume-xumea naiz, izan ere testua ezagun batek pasatu zidan (lanean nebilela, hori bai) begiradatxo bat emateko. Berak nik baino askoz hobeto daki euskaraz, eta asmatu zuen berba aukertazeko orduan nire ustez, horregatik ez nion zuzenketarik egin horretan.

     
  • At 10:57, Anonymous Anonimoa said…

    Elurraren arieraren arieraz mendi-aranak zuritzen diren bezala, hitz baten arieraren arieraz lortzen da hitz horren erabilera, kontu arrunt baten arieraren arierak ekarri ohi du topikoa,eta kontu zahar asmatu berriak dioenez,'arieraren arieraz, zertaz ari zen ahaztu zitzaion'.

    Ez nuen ezagutzen. Erabiliko dut.Eta 'airera' horrek gogora ekarri dit geurean asko erabiltzen den hitza: 'aidura'. Bero denean, arbola baten gerizean egiten duen aire goxoari 'aidura' deitzen diogu. Adibidez: 'Aidura ederra egiten du Etnometen'.

     
  • At 12:35, Blogger Kepa Diegez said…

    Mila esker, "anonymus". Tira, EtnoMet xume honek euskararen munduan eragin txiki-txikia eginda ere, guzti-guztiok pozik. Oso polita "aidura", datu-basean sartuko dut, baina arazo bat daukat, zure izena behar dut identifikatzeko, nahi bazenu, jakina.

     
  • At 22:33, Anonymous Anonimoa said…

    Zure blogaren aidura onean nengoela, izena ematea ahaztu. Barkatu.
    Anjel

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------