Trapaila...14 urteren ondoren, oraindik Euskaltzaindiaratu gabea
Berba ederrak birpasatzen nabilela, oraindela 14 urte idatzitako itsas hitz batekin egin dut topo: trapaila. Gaur egun, oraindik, Euskaltzaindiaren webgunean ez da inondik ere ageri. Tira, baliteke bertan trapailarik ez izatea. Anjel Lertxundik berbatsekabeturik jarraituko du, antza.
Orain hilabete batzuk Hasier
Etxeberriaren "Eulien bazka" eleberria
irakurri nuen, gustura irakurri ere! Hasiera-hasieratik harrapatu ninduen
bertan azaltzen den istorioak. Batzuetan zenbait hitz ez nituen ulertzen eta
hiztegira jotzen nuen. Hala ere, haietariko bat ez nuen inon ere aurkitu:
"trapaila". Agertzen den pasartea hauxe duzue:
"Izpizuak zeruari behatu eta, garbiegi zagok eguna lupiatarako, esan zuen, egun beltzak hobeak dituk horretarako, batez ere euri pixarra baldin bada. Baina krabatarako ere ez zagok gozo, trapaila apur bat harrotu duk eta. Ez diagu deus harrapatuko baina, izanak izan, sasian ariko gaituk, lupiatan".
Ulertzen bada ere, esanahia
zehatz-mehatz jakin nahi eta ezin. Baina, hilabetak joan, hilabeteak etorri,
hara non zer idazten duen gaur Berrian Anjel Lertxundik "Hitz beste"
eguneroko zutabean:
Trapaila
Anjel Lertxundi
Anjel Lertxundi
Sautrela-koek nire
gustuko hitz bat eskaturik, trapaila aipatu nien. Bat-bateko haizearen eraginez
sortzen den itsaskirria edo trapaila. Estropadetan arraunlari trebatuenek nahi
izaten duten itsas zabaleko giro aldakor bizia. Zarauzko gazte batzuek beren
asteburuetako girora ekarritako hitza: «Trapaila polita zebilek gaur!». Hitz
zahar berritua, testuinguru arrantzale batetik parranda-girora ekarria.
Xuxen-ek ez dit onartzen. Testu idatzien
corpus-ek ez dute jasotzen. Ez da Orotariko Euskal Hiztegia-ko 125.987 hitzen
artean ageri. Baina bizi-bizi dago kostaldean. Akademiek, hiztegiak, corpus-ek
ezin jaso dezakete hizkuntza bat bere osotasunean. Zorionez. Bestela,
akademiak, hiztegiak eta corpus-ak batere trapailarik gabeko itsaso hil baten
deskribatzaile huts genituzke.Hizkuntza bizi batek, arraunketa sasoitsua egingo
badu, trapaila behar eta nahi, hori da kontua.
Iruzkinak