EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2010/09/13

aRO bERRI oN!

Zeintzuk dira mendiok?

Niretzat uda galaxiako zulo beltza bezalakoa izaten da; hemendik harakoa, handik honakoa, han-hemenkatsu bizi dugu urte-sasoi hau irakaskuntzan jarduten dugunok. Bai, badakit batek baino gehiagok esango didazuela egundoko azal lodia dudala hainbeste opor izateagatik, baina horrelaxe da eta gizakia aiseen eta erosotasunera ohitzen denez... Duenak a zer piper! Udako tarterik luzeena Suitzan eman genuen Interlaken aldean eta ia egunero ekin zigun euriak eta elurrak 2.200 metrotik gora. Jungfraujoch-era (Europako tren-geltoki garaiena) igo ginen egunean 3.500 metrotan termometroak -2ºC markatzen zuen, baina bertako paneletan ageri zen sentsazio termiko -15 ºC-koa zen. Izan ere, haizea 40 km ordukoa zen. Uda izanda, hura hotza! Bestalde, ostera ere Euskal Herrian gaudenez geroztik, bakanetan ikusi izan dugu euria eta mendiak eta basoak ihartu samarturik sumatu ditut, egarriak jota. Zuetariko askok honezkero jakingo duzuenez, nik euri apur bat behar izaten dut gizaki izateko, osterantzean burmuina sikatzen zait. Egingo ahal du!
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------