EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2009/10/13

Gurmekatik hozkirrira


http://www.jerrysplantsonline.com/Images/Pictures_For_Publishing/walking_in_the_fog.jpg

Joandako asteburu luzexkan edonoraro egongo zelakoan pozarren geunden, agian goibeltxo, baina ateriari eutsiko ziolakoa geneukan, gehienez ere tantaxkaren bat domeka goizean. Bada, gure ametsak huts egin, pentsatzen ez genuen txakurrak haginka egin eta kukuak oker samar jo zigun, jo ere! Denok trufaturik sentitu gara. Ni hauxe entzuteraino heldu naiz: "ustekabeko frontexka sartu digu eta..." Ze frontexka eta ze ondoko! Holakorik! Gaur egungo bitartekoekin ez dago hori antzematerik, ala? Tira, azkenean, gurmeka galanta izan dugu ordu askotan. Hitz hori jasotzen du Azkuek bere hiztegian eta Bizkaiko Txorierrin erabiltzen dela dio, "euri xehea", alegia. Bestalde, aste honetarako benetako hotzaren ailegaera iragarri digute. Bai, ote? Badirudi baietz, izan ere, antizikloia nekatuta dagoela, etzan egin eta labainka ipar-ekialdeko haizea igorriko digu. Beraz, hozkirri egongo da asteon, batzuen atsegingarri eta besteen negar eragingarri.
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------