Hozberoaren aroak laketzen duenean...

Guztiz udaberritu zaigu otsaila, goizez hozkirria eta egunez epel samartxo, baina ezin ateriago. Urteroko lore-hautsen erasana inoiz baino goizago azaldu zaigu eta bazter oro eta sudur asko hauts horixkak inarrosirik ez ditugu ba! Horrelako aroa ez dut batere laket, ez gogoko, ez atsegin. Lantzean behin, ateralditxoek ez digute kalterik egiten baina, oraingo gura baina luzexkagoa da, bai horixe! Behinolako Euzkadi egunkaritik ateratako esaldi baten berri eman nahi dizuet: "Otz-beroaren aroak laketzen dauanean...", esan nahi baita, "tenperaturak edo giroak uzten duenean..." Bitxia da nolako hizkera erabili ohi zen Espainiako Gerra Zibilaren garaian; edozein lorratz arrotz nola edo hala ezabatu nahi izaten zuten. Zenbaitetan ekialdeko euskalkietara jotzen zuten hainbat hitz "orban gabeko"-agoak zirelakoan... Beraietariko bat "laket" zen. Hala ere, ez ziren ohartu ele eder hori latinetik zetorrela... Ea "hozberoaren aroak ez duenean laketzen". Aro txarraren edo euria egiten duen seinale izango da... alajaina!
Iruzkinak