Txingor haize bihurria
Gaur Meteorologiaren eguna izanda, aroak beste bidezidor batera jo du; badirudi nortak oraingoz utzi eta haize epelxeagoak hasiko zaizkigula dantzan. Nabarmen epeldu du, gero! Dakizuenez, urtero martxoaren 23an ospatzen da Meteorologiaren eguna eta bi urterik behin gaiak jorratzen omen dituztenez, 2007-2009ko bi urtekoan helduko diotena "Polo aldeko meteorologia: nola eragiten dion Lurrari ulertzea" deritzona izango da. Lehengo aldian esan bezala, San Joseko ilberriak apirilaren 2ra arteko aro-ziklo umela ekarri digu, Aste Santua hasi baino lehenxeagora arte, hain zuzen ere. Orain txarretik egiten badu, beharbada, gero onetik egingo du, ezta? Antza denez, ipar aldeko haizeek jardungo dute nor baino nor euren sumindura agertzen. Urik ez genuela, ba, oraingoan eutsi! Elurra ez ezik, asteon hainbat tokitan kazkabarrak edo txingorrak ere erasan eta astindu gaitu gupidarik gabe. Hurrengo batean komentatuko dugu zenbat izendapen biltzen dituen bere baitan delako ostagiak. Gaurkoan ipar haizea eta txingorra uztartzen dituen elkarketa baten berri emango dizuet: txingor haizea. Kontatu didatenez, Legazpin eta Urretxun horrelaxe deitzen diote ipar haizeari. Zuzen baino zuzenago daude, alajaina!
Iruzkinak