EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2007/01/31

Eguraldi langasta

Ilbeltzaren azken egun biotan, erdi ustekabean hegoaldetik etorri zaizkigun hodei palastek aro langasta samarra utzi digute, hots, eguraldi umel ets euritsua. Mokoroaren hiztegian azaltzendenaren arabera. Hauxe duzue aipua: Kanpoan ere, eguraldi langasta horrekin ez dago ezer jartzerik. Justo M. Mokoroa). Repertorio de locuciones del habla popular vasca. G-Tolosa. Hitzaren osagaiei dagokienez, garbitxo sumatzen da nondik etor litekeen: langar + sta; azken hau txikigarritasuna adierazteko atzizkia izan daiteke. Izan ere, olasta berba ere badugu, Azkueren arabera, haizeak harrotzen dituen olatu txikitxoak adierazteko.
Bestalde, asteon oskarbia jaun eta jabe izango zelakoa geneukan, baina, Iberiar Penintsulako hego-ekialdean noraezean ziharduen zurrunbilotxoaren hodeitxoek ekarri digute euritetxoa. Onki xin, ebia! Aldakor samar dabiltza iragarpenak, beraz, etziko ilbeteak zer ekarriko ote digu, Europa aldeko haize hotza ala Atlantiko aldeko haize epela?

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------