Abendua eta elurra

Hego haizea zeharo astinduta ez dugun hilaren hasiera honetan, asteon elurrak erasan eta mendi tontorrak zuriz margoztatuko dizkigu, antza. Irrikitan gaude, alajaina, elurra noiz jardungo! Sinesgaitza begitanduko zaigu elurra ikustea gure mendietan, udagoien udaranztu honetan. Aileza egin! Nike neuk Durangoko Azoka eta aro makurra zaku berean sartu izan ditut ez aspaldian. Hala ere, azken urteotan, zenbaitetan bikote horrek kale egin izan digu. Ez dakit, baina, urte hotz haietan giro hobea sumatzen nuen Durangoratzekideen artean. Asteongo aroa horren lagun izango ote da? Eguraldi traketsaren aitzakian, beste zereginik ezean, jende gehiago inguratuko ote da Durangora? Gogora ezazue gure hitzordua ostegunerako. Elurra dela eta ez dela, bihoaz hemen multzo berean abendua eta elurra dantzakide ipintzen dituzten esaera zahar zenbait:
- Abendu txuri (elurtsua), ez ardi ta ez axuri.
- Abenduan elurra altzairuz, urtarrilean burdinez, otsailean zurez, martxoan lurrez, apirilean urez.
- Abenduko elurra, gazta zaharraren pare.
- Abenduko elurrak hortz luzeak.
- Abenduko lainoak, hegoa edo elurra.
- Izotzetan eta elurretan, abenduko gau luzeetan.
Interpretazioak zeuen esku.
Iruzkinak
Adituenek argitu beharko. Betitik pentsatu izan dut aldaketa klimatikoarengatik gertatzen dela, baina baliteke hainbatek aipatzen duten eguraldi koloreen arteko txandakatzea atzendu behar ez izatea.
Kristina.