EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/11/08

Ohiko udazkenaren erdialdean gaituzue


Izan ere, asteon, gutxi gorabehera, egun kopuru bera dugu udazkenaren hasieratik eta amaieratik. Meteorognomian jantzita daudenek diotenez "urteko laugarren erdikoadratura" da, hau da, urtaroen erdialdea. Harrigarria bada ere, urteko erdikoadratura guztiek badaukate beren isla nabaria herri-atsotiztegian. Horrela, udazkenarenetik hurbil samar San Martingo uda txiki txit ospetsua dugu. Pasa den San Simon eta San Juda santuek berekin zekarten atsotitz batera joz gero, San Simon ta Juda zerekin, san Martin arekin, hortaz, ziurrenik larunbatean ere orduko haizegoak errukirik gabe astinduko gaitu. Hori gertatzen bada, Nafarroako Pirinio aldeko artzainek antxumeren bat akabatu beharko dute ospatzekotan. Izan ere, euriteak iragarri ohi ditu Pirinioetan San Martingo hego haizeak eta euria izanez gero, bazka gozo eta guriak izango lituzketenez, zentzuzkoa omen da ahumea hiltzea behar bezalako ospakizuna egiteko. Bagurrina (ipar haize lehor eta hotza) ibiliz gero, ostera, antxumerik ez, zeren, lehortea eta bazka eskasak izango ote diren irudipena egoten baita. Hori guztia, esan bezala, Zaraitzu eta Erronkariko artzainen esanetan. Ostiralean San Martinen inguruko atsotitz batzuen azterketa egingo dugu. Ordura arte, onak izan!

4 Comments:

  • At 09:51, Anonymous Anonimoa said…

    Kepa:

    Entzun berri diot Lapurdiko amatxi bati esaten aurtengoa bezalako udazken epela hamabost urtean behin gertatzen omen dela. Iruditu zitzaidan herri jakintzatik baino gehiago ari zela frantses telebistaren bateko meteo informazio tarteren batean entzundakotik.

    Edonola ere, berak ere aipatzen zuenez San Martinetako uda txikia, azkenean biok akort ginen esateko aurtengoa bezalako udazken batean (izan dadin aldaketa klimatikoaren eraginez edo tarteka gertatzen den fenomeno batengatik, Niño, Niña zein Nerabe) hobe genukeela Santu Guztietako edo Omiasainduko Uda Txikia deitzea.

    Zeren eta uda zen San Migelez, uda San Frantziskoz, udan jarraitu genuen San Simon eta San Juda kari, udak zimeldu zituen Santu Guztietan hilobietan ipinitako loreak, udarekin harrapatuko dugu udazkeneko San Martin... Horra beraz Santu Guztietako edo Omiasainduko Uda Txikia. Ala Defuntuen Uda esan beheharko?

    Tomax.

     
  • At 13:23, Blogger Kepa Diegez said…

    Nik ez dekot akorduen holango udagoienik. Hego haize tarteak, bai, jakina, baina honen etengabea, inondik inora ez. Hala ere, gure arbasoak jakintsuak ziren oso: udazkena, udagoiena..., beraz sarritan gertatuko zen honelakorik, ezta?

     
  • At 20:32, Anonymous Anonimoa said…

    Aurtengoari buruz nahi diren guziak esan daitezke, hala da. Izango ziren, agian, oso antzerakoak, edo baita, sasoi honetan hilabete makur bat eman eta gero, gabonetan ere eguraldi oso gozokoak... bai eta urtarrilaren erdirarte hego haizetan ibilitakoak... izan dira, baina, aurtengoa aparta doala ezin da ukatu. Baina, ni, benetan prendatuta eta bi begiak katiatuta 'bagurrina' bitxi horrekin gelditu naiz. Benetan hitz dotorea: bertan sakatuta ikusi dot aspaldi jardun zendutela hitz horrekin, ni hemen oso gazte nintzelarik, edo ezagubiderik ez nuenean. Dotorea berbea!
    pellozabala

     
  • At 12:56, Blogger Kepa Diegez said…

    Inoiz baino gehiago iparra nahi diat. Etor bedi berori, arren!

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------