EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/11/22

Ebia jazarrika

“http://www.univ-pau.fr/CASAGEC/image/capbreton.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Bota ahalean egin du euria azken orduotan, zehar haizea lagun. Lehengoan lehertu beharrean zegoela aipatu bagenuen ere, ez geneukan hainbesterainokoa izango zenik, alajainkoa! Atzo arratsaldean etxerakoan, haize zakarragatik guardasola pizturik eduki ezinik, amatatu eta mela-mela eginda ez nintzen, bada, etxera heldu! Hura haizea eta euri ahala! Ebia jazarrika. Hona hemen, aipamena:

Güne hetako behar bezalako zaldia zian Allantek, bena ebia jazarrika ari zen. D. Behety. Gure Herria, 1932, 407 or.

Tira, ni blai, baina pozarren horrelakoaren beharrean geunden eta. Hala ere, mendebala ogetalau orduko euria esaera zaharra, oraingoan ere beteko bide da, ze, gure "lagun xaharra", hego haizea ostenduta zelatan dugu noiz sartu eta joko. Ikaragarri maite gaitu, alafede! Eta oraingoan zakar baino zakarrago erasango digu, antza. Gure errukarriok! Bien bitartean Lapurdiko Makea herrian erraiten dutenez, "dosta gaitean Kabretonaizearen azken orenez" Bai, horrela deitzen diote Makean mendebalari. Bitxia, ezta? Izan ere, Landak departamentuan dagoen Cap Breton herria ez dago Makearekiko mendebaldean, ipar mendebaldean baizik. Zer dela-eta, Cap Breton eta ez itsasaldeko euskal herriren bat?
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------