EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/10/27

San Simon eta San Juda, joan zen uda eta negua heldu da?

“http://www.fundacionlasemilla.net/galeriadefotos/images/21%20el%20cansancio.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.
"Hego-haizegabetzailea alferrik lanean, etsipenak jota"

Zenbaitetan nolako aroak eragiten digun ikusita, herri-atsotiztegia aldatzeko gogo geldiezina izaten dugu. Egoera horietako bat hauxe da, hain zuzen ere. Izan ere, atsotitzak horrela aditzera ematen badu ere -gaur San Simon eta San Juda da- ez da batere egia negua heldu zaigulakoa. Agian, goizeon haize-aldaketatxoa sumatu da, hau da, hozkirrixeago, bai, ezta? Hala eta guztiz ere, urrun samar honetatik: San Simonetan kapa zuria mendietan. Kapa zuria, bai, baina, buruaren gainean daukaguna, hego-haizeak sortarazia, pentsatzearen pentsatzeaz, noiz arraio aldatuko duen herriko haizea!
Atzokoan Tomaxek zioen ez ote zen egongo neguberria hilabetea atzeraturik, urriko ilberrian ez zelako Aizkorri aldean elurrik izan. Agian, bai, baliteke hau urtaroetan gertatu ohi den zulo beltz horietariko bat, galaxietan bezalaxe. Egin dezagun jolas. Izenburuko atsotitza hartu eta molda dezagun:

San Juda eta San Simon, negua heldu ez, eta hor konpon!
San Simon eta San Juda, uda joan ez eta hortxe jo eta ke ari da!

Nolanahi ere, eguratsean nolabaiteko kanbioa igartzen da. Datorren asteko ilbetearen atzeranzko eragina ote?


2 Comments:

  • At 16:46, Anonymous Anonimoa said…

    Kepa, aupa!

    Nik bihar espero neban apostolu bikotearen aipamena. Ez da gaur, bihar baizik, San Simon eta San Juda. Diozun gisara, neguberriko egun gozotxoenak izan ditzakegu asteburu honetakoak: baina, egia da, hego trumiltsua desagertu da, eta presiñoa jaso duen moduan, burua askozaz bakeosoago sentitzen da, arinkeria barik, adinari dagokion pisu apur bat sentitzen duela. Edo ez? Goizak freskatuko ditu, eta gero gozo-gozo, euli zaharren azken-festa eman nahiko du...

    Bestalde, geure aurrekoekiko, egutegia 'grosso modo' ikusten eta bizitzen zuten. Hilabetearen hasieratik, han urrunean bistatzen zituzten mugarri ezagunak: San Simon, Domusantuak, San Martin, San Andres... horiek denak, egunarekin batera euren astea ere hartzen zuten. Aurtengo aldrebes honi dagokionez, ikusi egin beharko, aurten san Martin inguruko udalditxoa, orduan ez baina, ez ote daukagun ointxe berton...
    pellozabala

     
  • At 17:57, Blogger Kepa Diegez said…

    Bai, idatzi eta gero konturatu nauk bihar dela, baina, bihar idatzi ezin nuenez...

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------