EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/05/24

Maiatza erdiz hotzak hila eta erdiz beroak errea

“http://www.ventomania.com.br/alice/images/santa-rita.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.
Santa Rita

Lehengo egunean hementxe egindako sarrera batean ohartarazi genuen, maiatza mutur batetik bestera joaten delako kontua. Izan ere, gaur goizean Euskal Herriko zenbait bazterretan lei zuritik hur-hur izan dira... noiz eta maiatzaren 24an!! Egundokoa gorabeherak izaten dira udaberri erdialdeko hilabete honetan, batzuetan uda aldera jo ohi duena eta besteetan negu aldera. Aurreko batean ere, euskaraz eta katalanezko zenbait atsotitzen berri eman genuen eta nola Frantzia eta Alemania aldean ere "izotz-santuak" direlakoak ere badira. Zamora aldean gaztelaniaz ere badago atsotitzik: La helada de San Bernardino, quita pan y no da vino (maiatzak 20) eta La helada de Santa Rita, todo lo quita (maiatzak 22). Goizeko neguko giroak nekazaritza kontuetan kalte handi eta larri samarrak sortaraz ditzake, beraz, baserritar eta nekazariak beldurrak airean, alajaina! Eta hilaren erdian hotzak hila eta beste erdian beroak errea izaten garenez gero, a zer-nolako arropa-dantza ikuusten dudan goizez. Gaur, adibidez, batzuk mahuka motzean, alkondara hutsean ikusi izan ditut eta beste batzuk, ostera, jertse, txamarra eta guzti! Zoratu beharrean gauzka maiatz aldakor honek.

2 Comments:

  • At 09:56, Anonymous Anonimoa said…

    Maiatzak baditu bai, koska aski nabarmenak, iparra eta hegoa kolpetik txandakatzen direnean batipat. Aurreko batean, neguko elur generoak ekarri zizkigun Kepak: galtzairuzkue, brontzezkue, burdiñezkue, ijalatazkue... eta beste esateko moeta batzuk. Bada bat bitxia, Julian Alustizak 'Euskal Baserriaren inguruan' liburu ederrean, 249.or.an dakarrena. Josefa Iturralde Goldaratzko amatxi pertxentak erakutsi omen zizkion, bere "gizonain aite Astizkoa zenak bost elur klase bereizten omen zituen", Kandelario ondoko elurrak denak:
    - Sahatsa florearen elurre zen bata, Otsailekoa noski, sahatsaren lore goiztarrarekin.
    - San jose florearen elurre, Martxoko elurrari beste zenbait bailaratan ere malutaka hasi orduko "San Jose floreek ari ittuk" eransten omen zioten.
    - Kukuaren elurre deitzen zioten, berriz, Martxoaren azken aldekoari.
    - Mugiroko lihoaren elurre zen laugarrena. Mugiron liho haundia egiten omen zuten eta ia beti harrapatzen omen zien elurrak, apiril aldera.
    - Saldiasko behien elurre, zen bosgarrena. Maiatzeko Santa Kruzetan Saldiastik Oderitzera ekartzen zituzten behiak larratzera; laster harrapatzen omen zituen elur aldiren batek. Maiatzean eguraldia onetik ikusiz gero, izaten omen zen esaten zuenik: "Oraindik ere etorri baietz Saldiasko behien elurra ere!".
    Argi dago elurrari topea jartzea alferrikako kontua dela: badaki ekainean bertan bisita egiten ere. Mendiko artzainek kontu asko dute elurrari buruz bizitakorik eta gordetakorik...
    Honela idazten nuen neuk ere, Naturaren Mintzoa liburuan orain urte batzuk.
    pellozabala

     
  • At 12:16, Blogger Kepa Diegez said…

    Kaixo, Pello;
    atzo entzun nian Kalakan eguraldi-aldaketari buruz iritzia ematen. Hik hori sumatzen duk naturan, direla loreak, direla zuhaitak, direla txoriak... Uste duk atsotitzen bitartez ere igar litekeela? Ederra elurraren kontua!

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------