Erabateko aldaketa: sargoritik garrora

Horixe gertatu da haizeak ipar-mendebaldera egin duenean. Atzo arratsaldean nolabaiteko galarrenatxoa sortu zen kostaldean eta handik hogei minutura tenperaturak behera nabarmen egin zuen gure aldean 32ºC-tik 23ºC-ra. Atzoko eta gaurko tenperaturak erkatuz, ordu berean ia 17ºC gutxiago ditugu, 31,6ºC-tik 14,8ºC-ra! Eta hezetasuna, txundigarria, % 29-tik %98-ra. Horrelakoxea da gure klima, gorabehera handikoa! Goizean jaiki, leihotik so egin eta lanbroa izan da nagusi alde guztietatik. Lantxurda jardun du etengabe oraintsu arte. A zelako gozamena, atzokoaren aldean! Biziraungarria hartu ez dugu, bada! Txitean-pitean euri xehe eta meheari buruzko izendapenak eman izan ditugu aditzera blog honetan. Gaurkoan, garo-garro berbek zer esanik daukate. Badakaizue zer den garoa, ezta? Ihintza, edo. Bada, (euri)-garoa zirimiria baino are meheagoa den euri mota hori da. Eta garroa? garotik ote dator ala oratzen diguten euriaren garroak ote dira? Horrela bada, zoragarria irudia!
Hona hemen zenbait jakingarri:

auri garo, garrotxu: B-Jatabe. Iñaki Gaminde. Jatabe Berbarik Berba.
euri garo
iz.: 1. B-Arrieta. Euri garoa on san. Iñaki Gaminde. Arrieta Berbarik Berba. 2. B-Larrabetzu, Mungia.
garo
: Garoa, ez bakarrik iruntz-urari, baita euri lanbroari edo, gorriña-euriari bere esaten jako. Euskalzale, 1897.

Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Garoa, gure herrietan eta gertuko goierri-lurretan, azienden azpitarako generabilagun 'helecho' delako inaurkina zen. Foruan ikasi nuen "garo gozo dabe maite loreek" abestian, garoa ihintza eta basura zela. Baina, Kepa, oso zabaldua eta maitagarria "gorriña" hitza da. Asko eta usu erabilia izan da eta da. Orotarikoan merezi du 'gorriña' sarrera ikusteak eta errepasatzeak, ze aberastasuna ekarri duen hitz honek eta bere bueltan azaldu izan diren eratorri horiek. Zeinen polita, adibidez, 'gorrinatsu' hitzarena: "Doniane inguruko euriak izaten dira gorriñatsuenak".
Gorriña genuke, baita, hainbat zuhaitzetan, beroak eta lurrunak itobeharrean sartzen dituenean azaltzen diren gorrin-orbanak... gero eta gehiago ikusten dira kale eta hiri inguruetan, uda partean. Landare gajoek ze gaizki pasatzen duten gure kutsadura zikinaren artean. Urte ez askoren buruan, zuhaitz horiek pipiak jotzen ditu: ez baitira beren urteko bizi-buelta osora iristen. Lorea bai eta fruiturik ez, hala gelditu ohi dira sarri. Eta kontu jakina da, fruitu bueltara iristen ez den zuhaitza asko pobretzen eta ahultzen dela, fruitua garatzean, lurretik bere gozamenerako eta zura sendotzeko hainbat ongarri eta mineral ateratzen baititu lurretik. Honetan, badu errurik, gure inguruetan gero eta erle gutxiago izateak ere: eskasagoa baita zuhaitz fritudun askoren polinizazioa. Hara zenbateko garrantzia duten gure ingurumenean, gure mundutxo hain gertukoan, oreka geldo egonkorraren xehetasun hain xeheak direnak. Gorriñak ez gaitzala jo, Kepa. Sanidadea behar dugu!
pellozabala
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Berraupa, Pello!
Bai, "gorriña" ere garori dagokion sarreran badaukak aipamena: "Garoa, ez bakarrik iruntz-urari, baita euri lanbroari edo, gorriña-euriari bere esaten jako" Eta beste adieran ere jasota zaukaat. Jakina, biak agertuko dituk "Hiztegiaroan". 1000 esker eta izan ontsa!

Blog honetako argitalpen ezagunak

Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...